Ostalaritzaren sektorea "benetan laguntzeko" eskatu diote ostalariek udalari
Gipuzkoako SOS Ostalaritza taldeak deituta, ostalariek protesta egin dute goizean Donostiako udaletxearen parean, udalari eskatzeko “hitza betetzeko” eta sektorea “benetan laguntzeko”. Izan ere, bizi duten egoera gero eta larriagoa dela salatu du Garazi Otegi bozeramaile eta Cubi tabernako arduradunak: “Donostian milaka familia bizi gara zuzenean edo zeharka ostalaritzatik, eta ez bagaituzte laguntzen, askok ezin izango dugu aurrera egin; nekatuta, dirurik gabe eta zorrez beteta gaude”.
Protestan zehar, audio bat jarri dute bozgorailuetatik manifestariek, non Marisol Garmendia zinegotziaren hitzak entzuten ziren, zera esaten: “Ostalariak, nolabait, aho txikiarekin kexatzen ari dira, badakitelako ahal dugun guztia egiten ari garela haiek laguntzeko”. Otegik, aldiz, nabarmendu du ez direla aho txikiarekin kexatzen ari, eta udalaren laguntzak urriak izan direla adierazi du: “Esaten ari dira lagundu gaituztela, baina ez da horrela izan. 2020an egin duten bakarra izan da bigarren hiruhileko zabor tasa barkatzea eta terrazen tasan murrizketa bat egitea”.
Gainera, ostalariek salatu dute Donostiako Udalak 2021erako tasak igo egin dituela: “Ez dugu ulertzen udalak 2021erako tasak %3 igo izana, egoera honetan. Tasak igo dituen udal bakarra da Donostiakoa, ulertezina da”, esan du Otegik. Ildo beretik, sektorea alde batera utzi izana egotzi diote udalari: “Turismoa zegoenean hiriko ostalaritza goraipatzen zuten, baina orain alde batera utzi gaituzte. Ezin dugu horrela jarraitu”.
Astearteko epaia
Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ostalaritza elkarteek eremu gorrian sartzen diren udalerrietako ostalaritza ixteko neurriaren –Eusko Jaurlaritzak ezarritakoa– aurkako helegitea aurkeztu dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Auzitegi Gorenean, eta auzitegiak bihar, hilaren 9an, aterako du epaia. Ostalaritza elkarteek establezimenduak ixteko agindua bertan behera uzteko eskatu dute, argudiatuz kutsatze mailak gora egitea ez dela ostalaritzaren errua.
Epaira begira, itxaropentsu agertu dira ostalariak, baina tentuz: “Biharkoa irabazteko aukera handiak ditugu, argi gelditu delako ostalaritza ez dela arazoa. Hala ere, ez da ezer aurreratuko, izan ere, irekitzen uzten badigute ere, edozein momentutan murrizketa gehiago ezarriko dizkigute”, azaldu du Otegik. Era berean, nabarmendu du “erreskate plan bat” behar dutela, aurrera egin ahal izateko.