Udalak baimenik gabe adingabeei alkohola saltzen dieten establezimenduen aurkako kanpaina bat abiatu du
Donostiako Udalak antzeman du azken hilabeteotan alkoholaren salmentak gora egin duela horretarako baimenik ez duten establezimenduetan, “batez ere asteburuetan eta adingabeentzat”. Horregatik, halako establezimenduak kontrolatzeko kanpaina bat abiatu du, Marisol Garmendia Osasun Publikoko zinegotziak azaldu duenez: “Pandemiaren urte honetan, txikizkari batzuen negozio eredua aldatu egin da, eta adingabeei alkohola saltzeagatik arau-hausteren bat hasi da. Gogorarazi behar da ezin dela alkoholik kontsumitu eremu publikoetan. Gure ustez, prebentzioa baino neurri hoberik ez dago, eta, beraz, beharrezkotzat jotzen dugu ikuskapen kanpaina hau egitea, eta, beharrezkoa bada, zigorrak ezarriko zaizkie”.
Udalak azaldu duenez, alkohola saltzeko baimenik gabeko saltoki batzuetan “graduazio altuko eta baxuko edarien biltegiak, izotz-poltsak zituzten izozkailuak eta konbinatuetarako plastikozko edalontziak” aurkitu dituzte. “Horri buruzko zantzuren bat edo salaketaren bat dagoenean jarduten da normalean, baina, orain bezala, ikuskapenak egiten dira establezimenduetan, adingabeei legez kanpoko alkohol-salmentarik egiten ez zaiela egiaztatzeko”, gaineratu du udalak.
Era berean, Garmendiak duela bi urteko Aste Nagusiko datuak gogoratu ditu: “Antzeko kanpaina bat egin zen berrerorletzat jotzen ziren saltokietan, Udaltzaingoak dagoeneko zigortu edo ohartarazi zituelako. Ikuskapen hartan, 5 zehapen espediente hasi ziren, 6.000 euroko isunekin, eta establezimenduak bost egunez itxi ziren. Orduan ere bi pub zigortu zituzten adingabeei alkohola saltzeagatik”. Hain justu, adin txikikoei alkoholoa saltzeagatik 601 eta 10.000 euro arteko isunak jaso ditzakete saltzaileek, eta establezimenduaren jarduera etentzera ere zigortuak izan daitezke, gehienez bi urterako.