Udalak Kotxeras ondoko "Sorleku" parkearen eraikuntza alboratu egin duela salatu du Alubi elkarteak
Proiektu honekin Martxup! saria irabazi zuten garatzaileek 2017. urtean; 2019an Eneko Goia alkateak hauteskunde-kanpainan "Sorleku" jolas eremua aurrera ateratzeko konpromisoa hartu zuen, eta urte berean Udalak konpromiso hori berretsi zuen.
Idoia Moreno eta Larraitz Esnaola Alubi elkarteko kideek Donostiako EH Bildurekin batera egin duten prentsaurrekoan salatu dute udalak “Sorleku” parkearearen eraikuntzaren plana albo batera utzi duela. Proiektu hau 2017an hasi zuten, Kotxerasen ondoan erabiltzen ez zen lursailaren erdia jolas eremu bilakatzeko, eta urte bereko MartxUp! programa irabazi zuten. Parke honekin Zurriola Ikastolako 300 ume ingururi eta Itxaurrondo eta Ategorrietako umeei jolas eta natura eremu zabal bat eskaini nahi zieten. Eneko Goia alkateak eta Donostiako Udalak 2019an proiektu hori gorpuzteko konpromisoa hartu zuten, eta Kotxerasen hedapen lanak amaitzean hasiko zirela adierazi zuten.
Lan hauek amaituta, proiektuaren garatzaileek salatu dute udala ez dela haiekin kontaktuan jarri parkearen eraikuntzarekin hasteko, eta prentsaren bidez jakin dute 2021 urterako partida ekonomikorik gorde ez dutela. Adierazi dutenaren arabera, Donostiako EH Bilduko kideek 2020ko martxoan jarri zuten berriz mahai gainean proiektua, baina Alubi elkarteko kideek deirik jaso ez dutela gehitu dute: “Haiek ez digute inoiz deitu, gu gara beti haiekin kontaktuan jartzen garenak”, zioten.
Bestalde, EH Bilduk salatu du udaleko gobernu taldeak asko aldarrikatzen duela parte hartzea, baina errealitatean ez dela islatua ikusten, eta kasu hau adibidetzat jarri dute: “Beti lehenetsi dute aparkalekuaren eraikuntza, eta jakinda 2020. urtearen amaieran amaituko zirela lan horiek, 2021eko aurrekontuetan ez dute parkearen proiektua gehitu, urte batzuk lehenago hitz eman zuten moduan”, adierazi dute.