Idoia, Matilda, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado igoko dira oholtzara 'Gure Ahotsak' kontzertuan
Azken bi urteotan egin duen moduan, Donostia Kulturak Gure Ahotsak kontzertua antolatu du aurten ere, emakume musikariei ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Oraingoan, Idoia, Matilda, La Basu eta Niña Coyote eta Chico Tornado izango dira oholtzara igoko diren musikari eta taldeak. Martxoaren 7an izango da kontzertua, Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan. Sarrerak salgai daude dagoeneko, 12 euroren truk; Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke.
Jon Insausti Kultura zinegotziak azaldu duenez, 2019an eta 2020an egin zuten moduan, “martxoaren 8aren bueltan” antolatu dute emanaldia, eta lau bloke izango ditu, bakarlari edo talde bakoitzeko bat. Era berean, aurreko urteetan oholtzara igo diren musikariak gogoratu ditu: 2019an Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setien eta Izaro izan ziren, eta 2020an Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Maren eta Belako.
Insaustirekin batera, La Basu (Elena Caballero), Idoia Asurmendi, Matildako Maria Amolategi eta Niña Coyote eta Chico Tornadoko Koldo Soret izan dira aurkezpenean, eta denek nabarmendu dute “ohore bat” dela Viktoria Eugeniako oholtzara igotzea, eta “pozik” daudela egitasmoan parte hartzeko aukerarekin. “Nire estiloan, rapean, ez da erraza antzokietan jotzeko aukera izatea, eta beraz, eskertzekoa da aukera eskaintzea”, gaineratu du La Basuk. Ez dute aurreratu nahi izan kontzertuan lau taldeen arteko kolaborazioren bat izango den, baina atea irekita utzi du Amolategik: “Pandemiarengatik, zaila da elkarrekin zerbait prestatzea, baina batek daki, oraindik hilabete falta da”.
Era berean, laurek azpimarratu dute emakume musikariei ikusgarritasuna emateko beharra. “Emakumezko erreferenteak oso beharrezkoak dira, oraindik ez delako erraza emakumeak oholtza gainean ikustea. Poliki goaz, baina garrantzitsuak dira halako egitasmoak”, adierazi du La Basuk. Ildo beretik, “ea etorkizunean ez den beharrezkoa halakorik egitea”, azpimarratu du Asurmendik, horrek berdintasuna lortu dela adieraziko bailuke. “Emakume musikariak ez gara soilik martxoan existitzen, urte osoan zehar hemen gaude”, gaineratu du La Basuk.
Bestalde, ohikoena emakume abeslariak ikustea dela azaldu dute, baina nabarmendu dute oraindik zaila dela emakumeak ikustea instrumentuak jotzen. Hori sustatzeko, halako egitasmoen beharra azpimarratu dute. Horretaz gain, musikaren arlo guztietan emakume gehiago behar direla gogoratu dute, ez soilik oholtza gainean, baita arlo teknikoan eta bestelakoetan ere. La Basuk nabarmendu du Euskal Herriko emakume musikariek asko elkar babesten dutela, eta Gure Ahotsak-en parte hartuko dutenen artean ere antzeko zerbait gertatzen ari dela adierazi du: “Ez genuen elkar ezagutzen, baina oso ondo moldatzen ari gara; agian hit bat aterako da hemendik!”.
Musikariek kontzertura joatera animatu dituzte herritarrak, hedabide honek grabatutako bideo batean: