43 koronabirus kasu positibo Donostian
Intzidentzia metatua 522,50ekoa da. Donostiak gune gorri izaten jarraitzen du, baina intzidentzia metatuaren beherakada konstantea da asteburutik hona. Bidebieta eta Egia dagoeneko ez daude eremu gorrian.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 43 koronabirus kasu positibo zenbatu zituzten atzo. Intzidentzia metatuak behera egin du: une honetan, 522,50ekoa da. Atzo 536,76koa zen, eta herenegun, berriz, 560,88koa zen. Donostiak gune gorri izaten jarraitzen du, baina intzidentzia metatuaren beherakada konstantea da asteburutik hona.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Horrekin batera, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Zenbaki hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, zenbatekoa 0,91ekoa da. Atzo 0,93koa zen, eta herenegun, 0,96koa zen. Bestela esanda, intzidentzia metatuak behera egin du.
Donostiak gune gorri izaten jarraitzen duen arren, gaur tabernak eta jatetxeak zabaldu dituzte hirian. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du otsailaren 4an Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalariek jarritako helegitea. Hala ere, indarrean jarraitzen du Jaurlaritzaren dekretuak. Horrela, neurri batzuk bete beharko dituzte: 20:00etan ixtea, edukiera %50ekoa izatea, mahaietan eseritako pertsonen arteko distantziak mantentzea, mahai bakoitzeko lau pertsona esertzea, eta barran kontsumitzeko debekua.
Intzidentzia osasun eremuka
Bidebieta eta Egia dagoeneko ez daude eremu gorrian. Beraz, hiru dira 100.000 biztanleko 500 kasuen langaren gainetik dauden osasun eremuak: Amara Berri, Intxaurrondo eta Ondarreta. Hain zuzen, Intxaurrondon baino ez du gora egin intzidentzia metatuak:
- Amara Berri: 615,10
- Intxaurrondo: 525,26
- Ondarreta: 500,79
- Bidebieta: 499,93
- Egia: 492,44
- Gros: 474,78
- Altza-Roteta: 443,18
- Parte Zaharra: 347,02
- Amara-Erdialdea: 327,23
- Loiola: 300,38
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 9
- Ondarreta: 9
- Gros: 7
- Intxaurrondo: 6
- Altza-Roteta: 5
- Parte Zaharra: 5
- Loiola: 2
- Bidebieta: 1
- Egia: 1
- Amara-Erdialdea: 0