Arantxa Tapiak Zubietako erraustegiko labeak oraindik legalak ez direla baieztatu du
Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ingurumen aholkulariak, GuraSOS elkarteak abenduan argitaratutako informazioa baieztatu du astearte honetan, Zubietako erraustegiko labeak oraindik legalizatu eta homologatu gabe daudela adieraziz. Tapiak egindako adierazpen hauek Markel Olanok eta Jose Ignacio Asensiok adierazitakoarekin kontraesanean daudela salatu du elkarteak, azken bi hauek GuraSOSek argitaratu zuen informazioa “zitalkeria” dela adierazi baitzuten, eta informazio horren argitaratzea epaitegietara eramatearekin egin zieten mehatxu.
GuraSOS elkarteak joan den abenduan egin zuen salaketa hau, eta Arantxa Tapiak informazio hori baieztatzeaz gain, bi hilabeteren ostean oraindik legalizatu gabe egoten jarraitzen dutela gehitu du. Informazio hau Nortegas enpresak ere baieztatu zuen. Aholkulariak adierazitakoaren arabera, labe hauek ez dira seriean produzitutakoak, eta horregatik daude legeztatu gabe; izan ere, seriean produzitu ez diren labeek ziurtagiri-emaile baten onespena behar dute funtzionamenduan jartzeko, eta oraindik egin ez dutela adierazi du Tapiak.
Aldundiaren jarrera
Prentsa ohar baten bidez, GuraSOS elkarteak informazio honen argitaratzearen inguruan Gipuzkoako Aldundiak izan duen jarrera salatu du. Izan ere, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak 2020ko abenduaren 11an GuraSOSek argitaratutako informazioa gezurra zela adierazi zuen, eta Zubietako erraustegian legalizazioekin eta homologazioekin arazorik ez zegoela baieztatu zuen.
Bestalde, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen ahaldunak “infamia”-tzat jo zituen GuraSOSek egindako adierazpenak, eta kasua epaitegietara eramatearekin egin zuen mehatxu.