Disney Plus kateko estreinaldi guztiak euskaraz izatea eskatu dute Eusko Legebiltzarrean
Disney Plus Euskaraz plataformako ordezkariak, Alexander Aginagaldek, kate honetako estreinaldi guztiak euskaraz ematea eskatu du gaur eguerdiko Eusko Legebiltzarraren Kultura batzordean. Eskaera honen aurrean, Mikel Arruabarrena EAJko legebiltzarkideak adierazi du Jaurlaritzak saiakerak egin dituela Disney-rekin elkarlanean edukiak euskaraz ateratzeko, baina ikus-entzunezkoen enpresaren aldetik interes falta dagoela azpimarratu du. EAJren adierazpen hauei, EH Bilduko Rebeca Uberak gobernuko alderdiei ere leporatu die interes falta, eta edukiak hainbat hizkuntzetan produzitzeko eredu ona kataluniarrak direla gehitu du.
Ikus-entzunezkoen panorama
Aginagaldek Legebiltzarrean egin duen hitzartzean adierazi du azken urteetan asko aldatu dela ikus-entzunezkoak kontsumitzen dugun eredua; izan ere, duela urte batzuk ohikoagoa zen telebistan ikustea eduki horiek, baina azken urteetan internet bidezko plataforma ezberdinak nagusitzen ari dira, eta hauetan euskarazko edukien kantitatea oso urria da. Azpimarratu du giro erdaldunetan bizi zen jendeak ere euskarazko marrazki bizidunak ikusten zituela, baina hori galtzen ari dela dio: “Lehen euskarazko marrazki bizidunek eskaintza osoaren ehuneko esanguratsu bat osatzen zuten”.
Disney Plus Euskaraz
2020ko azaroaren 24ean sinadura bilketa bat abiatu zuten Donostiako guraso euskaldun eta euskaltzale batzuek internet bidez, Disney Plus katearen estreinaldi guztiak gazteleraz izateaz gain euskaraz ere eskura egotea eskatzeko. 2020ko martxoaren 24an aurkeztu zuten Disney Plus, internet bidez ikus-entzunezko edukiak ikusteko plataforma, eta zerbitzu berri honen eskaintza %100ean gaztelerazkoa izateak “euskal hiztunen hitzkuntza eskubideak” urratzen zituela adierazi zuten.
Hau dela eta, Disney enpresari zerbitzu berri honetako eta zinemako edukiak euskaraz ere produzitzea eskatu zioten, eta Eusko Jaurlaritzari, Euskal Elkargoari eta Nafarroako Gobernuari Disney-rekin kontaktuan jartzea eskatu zieten, egoera hau elkarlanean kudeatu ahal izateko. Eskakizunak 5.500 sinaduratik gora jaso ditu interneten.