'Karramarro Uhartea' irratsaioko azken saioan Donostian abendutik hona gertatutakoa umorez errepasatu dute
Donostiako Piraten Karramarro Uhartea irratsaioko 2.5 denboraldiak aurrera jarraitzen du, eta atzerapenarekin bada ere, denboraldiko hirugarren saioa argitaratu dute dagoeneko: Promozio gunea. Piraten Aste Nagusiak 2020an egun bakarra izan zuenez, irratsaioaren bigarren denboraldiko saio bakarra egin zuten, eta, horregatik, 2.5 denboraldiari ekin zioten azaroan. Hilabetero saio bat kaleratzeko asmoarekin hasi ziren, eta abenduan bigarrena argitaratu zuten, baina urtarrilean ez da saiorik izan.
Karramarro Uhartea irratsaioa 2019ko Aste Nagusian sortu zuten Donostiako Piratek, eta hainbat kideren artean egiten dute: Jokin de Miguel, Nerea Ramirez, Martin Larrea, Erik Urbieta, Jon Mikel Sorrarain eta Jon Ander Bogajo piraten artean, hain justu.
Abendutik hona Donostian gertatutakoa izan dute hizpide otsaileko saioan, guztiak umorez jorratuak. Besteak beste, Parte Zaharrean ertzainen eta gazteen artean izandako istiluei buruz hitz egin dute.