Ostalaritza itzuli da Donostiara, baina mesfidantza handiarekin
Asteartetik, Donostiako ostalaritza establezimenduek ateak ireki ditzakete berriz, nahiz eta hiria eremu gorrian egon. Agreda, Gorriti, Cubi, Diz eta Ezkurra tabernan izan da IRUTXULOKO HITZA, irekiera nola bizitzen ari diren jakiteko, eta denak oso mefidati agertu dira.
EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien asteartean ostalariei, eta udalerriak eremu gorrian egonda ere –100.000 biztanleko 500 koronabirus positiboen langatik gora daudenak– , tabernak eta jatetxeak irekitzeko baimena eman die. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ostalaritza elkarteek jarritako helegitea dela eta hartu du auzitegiak erabaki hori, Eusko Jaurlaritzaren irizpideen aurka. Horrela, Donostiako ostalaritza establezimenduek ateak ireki dituzte berriz: batzuek atzo ireki zuten, albistea jaso bezain laster, baina gehienek gaur, hilaren 10ean, ireki dute. Egiako Agreda tabernan, Parte Zaharreko Gorriti eta Cubi tabernetan eta Groseko Diz eta Ezkurra tabernetan izan da hedabide hau, eta arduradun guztiek azaldu dute irekieraren lehenengo eguna “oso lasaia” izaten ari dela, jende askok “beldurra” duelako oraindik.
Gorriti eta Cubi tabernen kasuan, “betiko bezeroekin” hasi dute eguna: “Ohiko bezeroak etorri dira goizean goiz, eta poliki ari gara martxan hartzen. Irekitzen utzi digute eta pozik gaude, ea orain gauzak ondo egiten ditugun denok”, adierazi du Gorritiko Juantxo Perezek. Ildo beretik, bezeroei eskerrak eman dizkie Cubiko Garazi Otegik: “Ohiko bezeroek oso harrera ona egin didate, eta beraiei esker jarraitzen dut zutik, ez erakundeen laguntzengatik”. Gorritik eta Cubik ez dute terrazarik, baina terraza edukita ere, neguko hilabeteotan ganoraz lan egitea zaila izaten ari dela nabarmendu du Dizko Diana Osoriok: “Terraza izatea oso ona da pandemia garaiotan, baina hilabete hotz eta euritsu hauetan ez da erraza aprobetxatzea. Zorrak pilatzen ari gara, eta gero eta zailagoa da aurrera egitea”. Agredako Iker Perezek udalaren baimena jaso zuen ondoko aparkalekuetan terraza jartzeko, baina etekina ateratzeko aukerarik izan ez duela deitoratu du: “Terrazaren baimena izan da jaso dudan laguntza bakarra, baina itxita egon garenez, eta eguraldi txarra egin duenez, hiru egunez baino ezin izan dut aprobetxatu”.
Orain arte, etxera eramateko janariarekin eta edariekin biziraun dute askok, hala nola, Ezkurrako Joseba Baldak: “Etxera eramateko janariarekin nola edo hala aguantatzen egon gara, gastu batzuk ordaindu ahal izateko, baina horrela ezin ditut nire langile guztiak ABEEE-tik atera, askoz gutxiago fakturatzen baitut”.
Konfiantza gutxi
Tabernariak Eusko Jaurlaritzarekin oso mesfidati daude: “Ostiralean hartzen dituzten erabakien zain gaude, askok uste dugulako neurri zorrotzagoak hartuko dituztela. Horregatik, taberna askok ez dute ireki oraindik, ostiraleko erabakien zain daude. Erotzen ari gaituzte”, azaldu du Agredako Perezek. Izan ere, ostalarien sentsazioa da Eusko Jaurlaritzari ez zitzaiola asko gustatuko EAEko Auzitegi Nagusiak ateratako epaia: “Iruditzen zait Eusko Jaurlaritzari ez zaiola asko gustatu atzoko epaia, eta euren eskuan dago neurri gehiago hartzea. Nik uste dut momentuz gauzak dauden moduan utziko dituztela, eta kutsatze kopuruak gora egiten badu neurri zorrotzagoak hartuko dituztela” azaldu du Gorritiko Perezek.
Ildo beretik, orain arte neurri guztiak errespetatu dituztela esan du Otegik, baina Eusko Jaurlaritzak gehiago estutzen baditu, agian beste zerbait egin beharko dutela azpimarratu du: “Ostalari guztiak oso nekatuta gaude egoera honekin, eta orain arte neurri guztiak bete ditugu. Horrela jarraituz gero, ordea, beste mota bateko erabakiak hartu beharko ditugu, horrela ezin delako aurrera egin, are gutxiago laguntzarik gabe. Gainera, badaude ireki ez duten tabernak ere, neurri hauekin ez dielako konpentsatzen”.
Denek salatu dute erakundeek ez dietela laguntzarik eman, eta gero eta gehiago zorpetzen ari direla azaldu dute: “Zorrak pilatzen ari gara”, dio Osoriok. “Jaso dudan laguntza bakarra ICO mailegua izan da, eta hori ez da laguntza bat bere horretan, azken finean, are gehiagio zorpetzen baitzaitu. Hori nahi dute: jendea larri bizitzea eta leporaino zorpetuta egotea, denak kontrolpean izateko; aberatsak aberatsago eta pobreak pobreago”, gaineratu du Baldak. Era berean, agintarien jarrera salatu du Ezkurrakoak: “Bidegabekeria asko gertatzen ari dira: txertoa boteretsuek jartzen dute nahi dutenean, herritarroi neurriak ezartzen dizkigun pertsona batek neurriak urratzen ditu golfean jokatzera joateko, eta abar. Horrek adierazten du eurek ere ez dutela sinisten ezartzen dituzten neurriengan”.
Ostiralean Eusko Jaurlaritzak hartu ditzakeen erabakiei begira, gauza bakarra eskatu dute ostalari guztiek: “Lan egiten utz gaitzatela”.