Zinemaldia izan Espainiako Estatuko 2020ko kultur egitasmo garrantzitsuenetan hirugarrena
Fundacion Contemporanea erakundearen Kulturaren Behatokiaren arabera, Donostiako Zinemaldia izan da 2020an Espainiako Estatuko hirugarren kultur egitasmo garrantzitsuena, Madrilgo Prado eta Sofia Erregina museoen atzetik. Aipatu behatokiak estatuko kulturaren egoeraren inguruko ikerketa bat egiten du 2009tik, eta 2019ko datuekin alderatuta, Zinemaldia postu bat gorago gelditu da 2020an.
Laugarren eta bosgarren postuetan, hurrenez hurren, Errege Antzokia eta Thyssen–Bornemisza Museoa daude, eta ondoren, Guggenheim Museoa, PhotoEspaña, CaixaForum, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Almagroko Antzerki Klasikoaren Nazioarteko Jaialdia.
Behatokiak kultur arloko aditu askori galdetegi bat betetzeko eskatuz osatzen du urteko kultur egitasmo garrantzitsuenen zerrenda, eta mota askotako 472 adituk hartu dute parte 2020ko ikerketan. Besteak beste, idazleak, artistak, zinemagileak, aktoreak, musikariak, arkitektoak, hainbat eremutako sortzaileak, fundazioen arduradunak, museo, zentro eta erakunde kulturalen zuzendariak, editoreak, ekoizleak, sustatzaileak, galeristak eta industria kulturalen arduradunak, erakusleen komisarioak, gestore kulturalak eta kultur arduradun publikoak izan dira ikerketako parte-hartzaileak.