Donostiako aparkalekuek konpentsazioak eskatu dizkiote udalari, pandemiak eragindako kalteengatik
EH Bilduk egin du publiko hiriko aparkalekuen enpresa emakidadunen eskaera, eta salatu du aparkalekuak erreskatatzea pandemiarekin kaltetuak izan diren beste sektoreekiko "bidegabekeria" izango litzatekeela.
Pandemiaren eraginez aurreikusitakoa baino gutxiago fakturatu dutenez, Atotxako, Alderdi Ederreko, Cervantes plazako, Okendoko, Katalunia plazako eta Pio XII.aren plazako aparkalekuetako enpresa emakidadunek konpentsazio ekonomikoak eskatu dizkiote Donostiako Udalari, EH Bilduko Ricardo Burutaran zinegotziak jakinarazi duenez. Era berean, oposizioko alderdiaren arabera, hiriko beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzten enpresa emakidadunek ere eskaera bera egin dute, hala nola, TAO zerbitzuaren, FCC edo Arcco Amara emakiden titularrek.
Horrela, enpresa horiek ekonomikoki konpentsatzea “bidegabekeria” izango litzatekeela deritzo EH Bilduk: “Halako neurriek administrazio emakiden titularrei lehentasuna ematen diete COVID-19ak eragindako murrizketetatik eratorritako ondorioak (beharbada, larriago edo sakonago), zalantzarik gabe, jasan dituzten negozio titularren egoeraren aurrean”. Era berean, Burutaranek salatu du emakiden formula ez dela onuragarria hiriarentzat: “Berriz ere, baieztatzen dugu kudeaketa formula hau oso kaltegarria dela interes publikoentzat eta oso onuragarria pribatuentzat. Ezin da, irabaziak daudenean, enpresa pribatuen eskuetara zuzenean joatea eta, fakturazioa jaisten denean, udalak ordaindu behar izatea, herritar guztion diruaren kontura. Hau da, kudeaketa eredu honetan, alde publikoak arrisku gehienak bere gain hartzen ditu”.
Horregatik, asteleheneko udal batzordeetan gaiari buruzko hainbat galdera egingo dizkio EH Bilduren udal taldeak udal gobernuari –Jaime Dominguez-Macaya Ogasuneko eta Finantzetako zinegotziak erantzungo ditu galderak–.