Elkarrekin Donostiak adierazi du udal gobernuak ez duela hitz egin nahi alokairuaren prezioari buruz
Donostiako alokairuaren prezioen kontrolari buruzko mozio arrunta aurkeztu du Elkarrekin Donostia udal taldeak, baina udalbatzarrean eztabaidatzeari uko egin diote EAJk eta PSE-EEk.
Eskaeraren helburua da Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzea arau esparru bat garatzeko ondorengoa lortzeko: udalak tresna egokiak izan ditzan alokairuaren burbuilaren irismena zehatz-mehatz ezagutzeko, Donostia merkatu tentionatuko hiri eremu izendatzeko, prezioen gehiegizko igoerak kontrolatzeko, eta bereziki funtsen inbertsioetatik babesteko.
Aitzole Araneta bozeramaileak adierazi duenez, Eustatek, Eusko Jaurlaritzak eta udalaren webguneak berak argitaratzen dituzten datuen arabera, Donostiako batez besteko herritarrak bere diru sarreren %50 bere etxebizitza alokatzeko erabili behar du, %30etik aurrera bideraezina dela uste denean. “Zenbakiak kezkagarriagoak dira 30 urtetik beherako gazteen kasuan; izan ere, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Euskadiko emantzipazioaren kostuari buruzko txostenaren arabera, soldataren % 78 erabili behar dute. Alokairua merkeagoa den auzoetan ere egoera ez da ona: Altzan, alokairu merkeena duen hiriko auzoan, batez besteko donostiarrak diru-sarreren % 40 eskaini beharko luke”, adierazi du.
Antzeko arazoak dituzten Europako hiriek –Amsterdamek, Parisek eta Berlinek, besteak beste– alokairuen prezioak eta gehiegizko igoerak mugatzen dituzten neurri legegileak martxan jarri dituztela azpimarratu du. Eta gogorarazi du Estatuko lege berriarekin etxebizitza merkatu tentsionatua duten eremuak izendatuko direla: “Azken urteotan prezioek gorakada handia izan duten eremuak dira, Euskadiko hirietako hiri-errentamenduen esparruan gertatzen den bezala. Neurri horrek aukera ematen du alokairuen gehieneko prezioa ezartzeko, toki-administrazioek osatu ahal izango dituzten mekanismoak antolatuz, Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta”.
Etxebizitzaren kostuak arautzeko eta arrazionalizatzeko edozein neurri onartzea bereziki premiazkoa dela uste du Elkarrekin Donostiak. “Biztanleek askotan beste udalerri batzuetara joan behar izaten dute etxebizitzaren prezio merkeagoarekin, ezinezkoa baitzaie gure hirian bizitzeak dakarren gehiegizko ahalegin ekonomikoa egitea”.