Gipuzkoa Basketek Estudiantes garaitu du Pere Tomàsen azken uneko puntuei esker
Gipuzkoa Basketek talde madrildarra jaso zuen bart gauean Illunben, eta azken minutuko puntuei esker denboraldiko bostgarren garaipena lortu zuen. Garaipen honi esker, azken postutik urruntzen ari dira Marcelo Nicolaren mutilak, eta azken jardunaldietan lortutako emaitza onek lehen mailan geratzeko esperantza piztu dute. Izan ere, denboraldi hasiera makal baten ondoren, azken lau partidetan hiru garaipen lortu dituzte. Bilbotarrak daude azken postuan, donostiarrek baino partida bat gehiago jokatuta bi puntu gutxiagorekin. Gipuzkoa Basket azken aurreneko postuan da, eta Sevillako Betis taldea du goitik, puntu berdinekin.
Partida amaiera zirraragarria
Hirugarren laurdena zazpi puntuko aldearekin irabazten amaitu zuen Gipuzkoa Basketek, eta laugarren laurdenaren hasieran hiruko saskiraketa batekin hamar puntura handitu zen abantaila. Madrildarrek, baina, aurrera egin zuten, eta minutu batean zortzi puntu lortu eta abantaila hiru puntura murriztu zuten. Hemendik aurrera, puntuak lortzen joan ziren bi taldeak, eta lau minuturen faltan 73-73koa zen markagailua.
35 segundoren faltan, madrildarrek aurre hartu zuten puntu bateko abantailarekin, baina Radoncicen eta Pere Tomásen puntuei esker, 81 puntu lortu zituzten donostiarrek, eta 81-79ko markagailuarekin epaileak txilibitua jo eta partida amaitu zen.