Egileon oharra, beganismo kapitalistaz
Hilabete batzuk pasa dira pertsiana jaitsi eta azkenengoz gure berri izan zenutenetik. Baina bueltan gara, eta hona hemen sukaldatzen aritu garen fanzinearen lehen atal bat (udara baino lehen zuen auzoetan eskuragarri), etorriko diren hilabeteetakoaren ildoa azaltzeko ohar bat izan nahi duena.
Beganismo terminoa, jatorriz, Erresuma Batuan asmatu zuten animalien askapeneko hainbat militantek, begetarianismotik desberdintzen zituen mugimendua definitu nahian. Izan ere, beganismoa, begetarianismoa ez bezala, elikadura eta kontsumotik haratago doa: izatez, animalien esplotazioaren kontrako jarrera politikoa da, eta animalia esplotaziotik eratorritako produktu zein zerbitzu oro gaitzesten ditu. Beganismoak, bere jatorrian errotik problematizatzen ditu gizakiok, kapitalismoaren baitan, animaliekin dugun harremana, zera da, antropozentrismoa.
Azken hamarkadetan nabari zabaldu da beganismo kontzeptua, batez ere merkatuak bere baitan hartu duenetik (kapitalismo berdea) eta, era berean, desinformazioa hedatu eta edukiz hustu da. Kapitalismoaren neutralizazio estrategia ohiko eta ezaguna da mugimendu iraultzaileen terminologiaren bereganatze linguistikoa eta hala egin du animalien askapen mugimenduarekin ere: izatez ekintza politikorako mugimendu bat lerrokatzen zuen terminoa gainbeheratu eta dieta huts bilakatzen amaitu da.
Beraz, orain supermerkatu zein turistentzako jatetxeetan ‘vegan’ hitza irakur dezakegu hanburgesa edota izozkiak adierazteko. Zera esan nahi du, barazkiz egindako hanburgesa beganoa dela? Barazkiak beganoak direla? Merkatua zuritzearen azken maila iruditzen zaigu hau, lotsagabekeria hutsa, marketing estrategia bat. Barazkiak barazki dira eta, izatekotan, barazkiz elikatzen den gizakia beganoa dela esan genezake.
Dirudienez, aukeratzea da garrantzitsuena, kontsumo arduratsu bat aukeratzea, animalia gorpurik gabekoa eta etikoa, antza denez, dagoeneko kapitalizatutako arau oso beganoaren arabera. Zera da, cruelty free, berdez tintatutako (green washing) aurpegi garbiketa sakonenari erreferentzia eginez. Aukeraketaren arazoa da dagoeneko determinatuta dagoela, hortxe, nik hautatu dezadan, inolako kontzientzia gatazkarik astindu gabe. Hala, asimilazio prozesua abiatzen dut, norabidea ezartzeko boterea ematen didana (?). Filtro berde honek, ekoizpen kate baten berezko esplotazioa estaltzeaz gain, positibizatu, idealizatu eta ikusezin egiten du, animali jatorriko osagairik ez duela edota animalietan testatu gabea dela aldarrikatuz. Badirudi soldatapeko lanak ez duela krudelkeriarik (cruelty free), ezta langileok habitatzen ditugun gorputzen kosifikazioak eta 40 orduko lanaldiak ere. Kapitala dugu orain erabaki begano onenak eskaintzen dizkiguna. Bidean zetorren neoliberalismo kolonialista berdea, jada hemen da.
Hau da guk, norbanako gisa eta Euskal Herrian, oro bat, kolektibo gehienek antiespezismo hitzarekin erosoago sentitzearen arrazoia. Ez baikara ordezkatuak sentitzen beganismoaren bilakaerarekin eta, jarrera politikoari dagokionean, anti-antropozentrismoa era fidel eta zorrotzagoan aurkeztuko duen terminoa iruditzen zaigulako. Era berean, termino zapaltzaileen birapropiazioa eta honek duen inzidentzia (marika eta bollera terminoekin egin den bezala) kontutan izanda, presente dugu beganismoa berriz ere gure egitearen debatea. Baina, konplexuagoa dirudien arren, gureago sentitzen dugu antiespezismo hitza, gatazka zuzenean azalaratzen duelako eta horregatik erabaki dugu argitalpen honetan termino hau erabiltzea. Berriz, hutsean barazkiz osatutako elikadura elikadura bejetala deritzogu.