Jangela
Jangela
Egilea: Unai Lasa Kortajarena. LH 5 A
Aurten jangelara apuntatu naiz estraeskolarrak nituen egunetan. Asteazken eta ostiraletan ezik, etxera joaten naiz bazkaltzera. Orain ez daude estraeskolarrak, baina hala ere, jangelan gelditzea gustatzen zait lagunekin jolasten, oso ondo pasatzen dudalako.
Egunero gelditzen ez naizenez, ez dut begiratzen zer dagoen bazkaltzeko, eta egia esanda, sorpresa bat izatea gustatzen zait. Esandako arrazoi hauengatik ondo pasatzen dut.
Baina orain COVID-19a dela eta, ezin gara denak batera elkartu, talde eta mahai txikietan bazkaltzen dugu, eta jaten ari ez garenean, maskara jantzita eduki behar dugu, eta ez da lehen bezain dibertigarria. Begiraleak, oso jatorrak dira eta beraiekin oso erlazio polita dugu.
Txokolatezko pasteltxoa
Egilea: Alaitz Arregi Lasa. LH 4 B
«Kaixo Amaia!», esaten diogu egunero gure monitoreari. Eta harekin jolasten gara futbolean, eskupilotan, saskibaloian eta abar. Amaiarekin harreman polita daukagu. Berarekin asko jolasten gara, gela guztiak: LH 4A-koak, LH 4B-koak eta LH 4C-koak.
Ikasturte berezia da hau koronabirusa gure artean dagoelako. Lehen, mahai luzeetan esertzen ginen bazkaltzeko eta orain mahai txikietan esertzen gara. Lehen, beste gelakoekin jolasten ginen eta orain ezin dugu beste gelakoekin egon eta bakoitzak bere gelako karratuan egon behar du. Eta musukoa eraman behar dugu denbora guztian. Gainera jarduera gutxi ditugu.
Txokolatezko pasteltxoa ia jende guztiari gustatzen zaio. Urte guztia egoten gara egun horiei itxoiten. Urtean bitan egoten da. Txokolatezko pasteltxoa, mmmm ze goxoa!
Gustura sentituz, janariaz gozatu
Egilea: Mª Rosa Urain, jangelako arduraduna.
Antiguako Jakintza Ikastolako jangelako leloa izateaz gain, gure jangela ulertzeko modua adierazten duen esaldia da.
Eguerdiko hamabi eta erdiak dira, bazkaltzeko ordua, jangelara joateko ordua haur askorentzat, 300 bat ikasturte honetan. Irakasleak koordinazio eta formakuntza saioetara abiatu dira eta beste lantaldeak jarri dira martxan: jangela, kirola eta jardueretako langileen taldeak. Horiek ere, ikasle horien guztien heziketa prozesuan partaide izango dira.
Puzzle erraldoi baten piezak balira bezala, koordinazio eta antolakuntza zehatza behar dute eguerdiko tartea osatzen duten elementuek: bazkaltzeko txandak, jardueren antolakuntza, jolas denboretako ordutegi eta espazioen banaketa, hezitzaileen antolakuntza,… Pieza guztiak ondo lotzen badira, abiapuntu ona izango dugu jangelak duen alderdi hezitzaileari heltzeko.
Jangelakoa gune konplexua da eskolako antolakuntzan. Batetik elikadurarako denbora; bestetik, eta nagusiki, harremanetarako denbora. Bertan diharduten langileek erreferentzi garbiak eman behar dizkiete haurrei.
Afektua eta elikagaia. Bi hitz horiek laburbiltzen dute Jakintza Ikastolan jangelari eman nahi diogun zentzua. Elikadura, zaintzearen gakoa, atxikimenduzko harremanak sortzeko modua ere bada. Haurrarentzat, elikatua izatea zainduta izatearen sinonimoa izango da, eta horrek maitatua izatearen sentimendua ekarriko dio. Normalean familian ikasten diren elikadura-ohiturak, elikagai berriekin lehenengo harremana izatea, tresnak erabiltzeko trebetasunak eskuratzea… jangelaren helburu bihurtuko dira. Ikasketa horretan alderdi afektiboak garrantzi handia izango du, eta jangelako hezitzaileak kontuan hartu beharko ditu haurra seguru eta zainduta sentiarazten duten gakoak: haurra errespetatuko duen tratu bat, kontuan hartzen dugula sentiaraziko dion komunikazio bat, kokatu eta ordenatuko duten erreferentziak,…
Harremanetarako gunea. Jantokia eta jolastokia, eskola-egituraren barruan, hain formalak ez diren espazioak eta, batez ere, harreman-guneak direnez, biak izango dira hezkuntza-potentzial handia duten espazioak. «Ikusteko» eta «entzuteko» gaitasuna izango da begiralearen lan-tresnarik onena. Haurren errealitatea ulertzeko jarrerak, haurraren garapena ulertzeak, erreferentzia garbiak emateko gaitasunak, sor daitezkeen gaztazkak saihesteko eta konpontzeko estrategiak eta baliabideak izateak… lagunduko diote jantokiko langileari harreman-mundu hori hezkuntzaren ikuspegitik kudeatzen.
Jangela, beraz, osasunerako eta lankidetza, elkartasun, berdintasun eta errespetu balioetarako hezkuntzarekin lotzea bihurtzen da gaur egun eskolaren erronka.
Orain arte aipatutako guztiak berebiziko garrantzia hartzen du aurten. Ikasturte hau desberdina da. COVID-19ak maskarak, distantziak, burbuilak ekarri dizkigu. Ikasturte erraza izaten ari ez den arren, hezitzailearen eta bere taldearen arteko harremana estuagoa egin da.
Jarduerak, eguerdiko puzzlearen hirugarren zutabea. Jangelako tartean ere haurrek orduz kanpoko jarduerak egiten dituzte. Batzuek (kirola, dantza, yoga,…) gorputz hezkuntzarekin dute zerikusia. Beste batzuek (musika, artearekin jolasean,…) irudimena eta sormenarekin. Guztietan emozioak jartzen dira dantzan. Jarduera ezberdinak izan arren, guztiek haurrak ondo pasatzea dute helburu nagusia. Hori lortzeko izaera ludikoa izatea ezinbestekoa da. Mota batekoak edo bestekoak, guztiek indartu eta osatuko dute ikastetxearen hezkuntza-proiektua.