Metroko lanen gainkostua 30 milioi eurokoa izango da
Donostiako metroaren obrek gutxienez %25eko gainkostua izango dutela adierazi du. Datu hau zifratan jarri ezkero, aurreikusita zegoena baino 30 milioi euro gehiago balioko dituzte metroaren eraikuntza lanek, 150 milioi zehazki. Metroaren bi zatien eraikuntzak 120 milioi euro inguruko kostua izango zuela aurreikusi zuten, baina Garraio, Etxebizitza eta Lurralde Antolamendurako aholkulariak adierazi duenaren arabera, pandemiak eta eraikuntzan gertatu diren ezustekoek lanak atzeratzea eta kostuak handitzea eragin dute.
Iñaki Arriola aholkulariak egin duen agertzea “duela bi hilabete” egin zutela adierazi du Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko parlamentariak, Zubieta kalean metroko lanak direla eta zulo bat agertu ostean. Arriolak obren aurretik lurraren egoera ikusteko 115 zulaketa egin zituztela baieztatu du, baina Fernandez de Betoñok gogorarazi dio 2016tik hona zazpi berri bakarrik egin direla, eta bere garaian zulaketa horien emaitzen arabera eremua “arroka gutxikoa eta ahula” zela gehitu du.
Metroaren zuloak
Donostiako metroa eraikitzeko lanek hainbat arazo sortu dituzte denbora gutxian. 2019ko azaroan Lizarriturrin lur jausi bat egon zen, metroko lanak egiten ari ziren lekutik gertu. Lanak hondartzara gerturatu ahala, Zubieta kalean bi zulo agertu ziren; lehena, 2020ko ekainaren 5ean gertatu zen, eraikin bateko soto batean lur jausi bat gertatu ostean. Kaleko 8. atarian gertatu zen, eta 9. eta 10. etxeak, Londres hotela eta Hegalak kirol zentroa hustu behar izan zituzten. Bigarren zuloa 2020ko azaroaren 17ko goizean agertu zen, Zubieta kaleko errepidean. Euskal Trenbide Sareak zulo hau ekainekoarekin erlazionatu zuen, distantzia gutxira gertatu baitzen.
Zulo hauen harira, Dbuseko enpresa batzordeak metroko lanak erabat gelditzeko eskatu zuen, haien segurtasuna ez baitzuten bermatuta ikusten: “Beldurra eta segurtasun falta sortzen dizkigu Zubieta kaleko errepidean agerturiko 30 metro kubiko inguruko zuloak”.