Poliziaren etengabeko jazarpena salatu dute Infernuko bizilagunek
Hirigintza planek bete-betean hartu dute Donostia, eta Ibaetako Infernuan dauden eraikinak botatzea eta etxebizitza berriak egitea da horietariko bat. Infernua, baina, ez dago hutsik, askok uste duten moduan, eta espazio hau biziberritu dutenak «nazkatuta» daude informazio faltarekin eta poliziaren jarrerarekin.
Joan den urteko udan eta udazkenean Infernuan izandako polizia operazioen ostean, jarraipena eta jazarpena etengabea izan dela adierazi dute Infernua Bizirik! plataformako kideek, eta testuinguru horretan kokatu dute joan den larunbatean jazotakoa.
Hilaren 6an, goizeko 8ak aldera hamalau bat ertzain joan ziren Infernuko eraikinetako batera, han bizi zen jendea identifikatzeko asmoz, eta Irutxuloko Hitzak bizilagunekin hitz egin du gertatutakoa azaltzeko. Oraindik bertan bizi direnez eta prozesuak irekita daudenez, elkarrizketatuek haien izen abizenak ez ematea erabaki dute.
Larunbatean ertzainei atea ireki zien pertsonarekin hitz egin du hedabide honek: «Koronabirusaren aitzakiarekin Infernuko errolda bat egin behar zutela esan ziguten, eta nik pasatzen utzi nien, gure eraikinean zenbat geunden jakin zezaten. Batzuk teilatura joan ziren zuzenean, han dagoen terrazatik beste eraikinetara pasatzeko. Orduan garbi utzi nien ezin zutela hori egin, legalki bi eraikin ezberdin direlako, eta bertan sartu nahi bazuten atea jo eta haiei baimena eskatzeko esan nien».
Bizilagun honek adierazi duenaren arabera, ertzainek ez zieten haren esanei kasurik egin, eta ondoko eraikinera joan ziren «baimenik gabe». Orduan, ondoko eraikin horretan bizi den beste bizilagun batek zarata entzun eta ertzainak ikusi zituen eraikinean: «Atea ixtera joan ginen baina ez zigun denbora eman, jada korridorean zeuden. Guri eraikina husteko agindua zutela esan ziguten, ez besteei bezala, baina ez ziguten paperik ez baimenik erakutsi. Atea irekitzen dien pertsonaren jarrerak, arrazak eta legearen ezagutzak baldintzatzen du zurekiko duten jarrera, eta horrek haietaz baliatzea ahalbidetzen die».
«Baimenik gabe» eraikin batean sartzeaz gain, eraikineko bi paretetan pintaketak egin zituzten: Ertzaina herria zurekin eta Gora ertzaina esaldiak idatzi zituzten. Ondorengo egunean barkamena eskatzera hurbildu zirela adierazi dute.
Jazarpen honen atzean «gu lasai ez bizitzeko asmoa» dagoela uste dute, baita etorkizuneko desalojo bat errazteko helburua ere: «Zer da garestiagoa, hilabetean behin dimentsio horietako polizia operazio bat antolatzea edo bertan bizi direnei alternatiba duin bat eskaintzea?».
Auzoko beste bizilagun bat soldatzailea da, eta duela hogei urte baino gehiago iritsi zen Europara. Bizilagun honen arabera, poliziaren jazarpena eta jarraipena etengabekoa da bere kasuan: «Poliziak ikusten nauen bakoitzean paperak eskatzen dizkidate, eta lapurtzat jotzen naute. Nire historia ikusten dutenean konturatzen dira hemen daramatzadan hogei urteetan ez dudala deliturik egin. Irailean fabrikan sartu zirenean, nire ondasunak lapurtuak zirela leporatu zidaten, eta gezurra zen. Soldatzeko tresnak, adibidez, bigarren eskuko denda batean erosi nituen».
Poliziaren aldetik jasaten duen jazarpenaz gain, lan merkatuan beharra aurkitzeko zailtasun ugari dituela ere adierazi du: «Kanpotarra naizela ikusten dutenean, beti peoi postua soilik 0eskaintzen didate, eta beltzean. Nire paperak eta lan historia erakustean atzera botatzen dira, badakitelako ezin didatela kontratu gabeko lanik eskaini».
Hirigintza plana
Donostiako Udalak 2016an Ibaetako Infernua berregituratzeko Plan Berezia onartu zuen. Plan honi esker, Infernuko eraikin zahar gehienak eraistea eta etxebizitzak, bulegoak eta hotel bat eraikitzea aurreikusi zuen udalak, nahiz eta hurrengo urteetan plana aldatuz joan den. Azkenean, 2020ko iraileko udalbatzarrean Infernuko hirigintza planaren azken eraldaketa onartu zuten, 540 etxebizitza eraikitzeko, hain zuzen ere.
Infernua, baina, ez da espazio huts bat, jende askok uste duen moduan. Urte luzez abandonatuta egon da hiriaren eremu hau, baina hainbat pertsonek utzitako eraikinei bizitza berri bat eman diete eta beren etxe bihurtu dituzte. Haien esanetan, erakunde publikoek baliabiderik ematen ez dizkietenez, eta bizitza duin bat izateko aukerarik ez dutenez jasotzen, haien kabuz aurkitu dute haien etxetzat duten Infernua.
Huste prozesua
Hirigintza plan hau aurrera ateratzeko, baina, udalak eraikin zaharrak ezinbestean eraitsi behar ditu, 540 etxebizitza berri horiek egin ahal izateko. Bertan, ordea, hamarnaka pertsona bizi dira, eta 2020ko azaroan hasi ziren eremua husten, Fabrika izeneko pabiloiko 60 pertsona inguru kaleratuz.
Operazio honen aurretik, 2020ko irailean, Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Polizia Nazionalak operazio bateratu bat egin zuten Fabrikan, lapurtutako objektuak zeudenaren zantzua zutela argudiatuz; 62 pertsona identifikatu zituzten, eta ondorengo egunetan «operazio arrazista» hau salatzeko milaka pertsona elkartu ziren manifestazio batean.
2020ko azaroan kaleratuak izan ziren pertsona askok Infernuan oraindik zutik dauden beste eraikin batzuetan aurkitu dute bizilekua, baina ziurgabetasunez beteta daudela adierazi dute: «Oso urduri nago, eta ez dakit zein izango den nire etorkizuna. Gainera, ez digute atsedena hartzen uzten, jada denak berdin dit», dio Infernuko bizilagun batek, asaldatuta.