Udalak Martuteneko hondakin kutsakorrak kendu ditu
Donostiako Udaleko garbiketa zerbitzuek Martuteneko Larrañategi bidean zeuden hondakin kutsakorrak kendu dituzte, eta Zierbenako zabortegira eraman dituzte. Hondakinak kontrolik gabe zeuden hor utzita, eta udalak azaldu duenez, uralita zen nagusi; material horrek amiantoa du. Hiru langile joan dira Larrañategira, Osalanen segurtasun protokoloa jarraituz, hondakinak kentzera.
Era berean, udalak jakinarazi du antzeko hondakin kutsakorrak kendu dituztela Larres ibarretik, Portuetxetik eta Igeldoko kanpinaren ingurutik.
Herritar batek salatu zuen iazko azaroan Larrañategin uralita kontrolik gabe utzita zegoela, eta joan den astean LAB sindikatuko Industria sailak eskatu zuen hondakinak kentzeko.