Enrique Rodriguez Galindo Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteleko buru ohia zendu da
Enrique Rodriguez Galindo generala COVID-19ak jota zendu da, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteleko burua eta Euskal Herrian torturak izan duen aurpegi ezagunenetako bat izandakoa. Otsailaren 2an jakin zen Galindo Zaragozako erietxe bateko ZIU-an zegoela, koronabirusarekin kutsatuta. Gaur, hilaren 13an, Torturaren Aurkako Egunean, hil da, 82 urte zituela.
Rodriguez Galindo, granadarra izatez, 1980ean heldu zen Intxaurrondoko kuartelera, eta hasieratik izan zituen agintaritza karguak. 1988an, ofizialki kuarteleko burua izatea lortu zuen, eta urte luzez izan zuen kargu hori. Kargua soilik ez, Intxaurrondoko kuartelean egon zen urte guztietan zehar hamarnaka domina jaso baitzituen: besteak beste, 1981ean Guardia Zibilaren bereizgarri zuriko gurutzea eman zioten. Handik gutxira, 1984ean, Lasaren eta Zabalaren bahiketa, tortura eta hilketatik urtebetera, Felipe Gonzalezen (PSOE) gobernuak bereizgarri gorriko gurutzea eman zion, bizi guztirako pentsioa ziurtatzen duena. Domina hori lau aldiz eman zioten.
1996an atxilotu zuten Lasa eta Zabalaren auziaren harira, gerra zikina zela eta. Espainiako Auzitegi Nazionalak 71 urteko zigorra ezarri zion, eta 75 urtera igo zuen ondoren Espainiako Auzitegi Gorenak. Galindok ez zuen inoiz onartu hilketetan zerikusia izan zuenik. Indultua eskatu zuten berarentzat, baina Gorenak ukatu egin zuen. Hala ere, lau urte eta lau hilabete egin zituen espetxean, eta 2004an kartzelatik atera zen, gaixotasunagatik. Hurrengo urtean hirugarren gradua eman zioten, eta 2013an baldintzapean aske utzi zuten, Zuerako espetxeko Tratamentu Batzordearen arabera “jarrera ona” eta “birgizarteratzearen aldeko pronostikoa” zituelako. Bestalde, GAL-en Guardia Zibilaren adarrarekin zerikusia izateagatik ere inputatu zuten, baina 2002an inputazioa kendu zioten. Bestalde, 1989ean, Luis Navajas Donostiako fiskalak droga trafikoarekin nahastu zuen Intxaurrondoko kuarteleko burua, baina txostena desagertu egin zen, eta auzitegiak artxibatu egin zuen kasua.
Intxaurrondoko kuartela zuzendu zuen urteetan, 900 pertsona inguru atxilotu zituzten hango agenteek, eta tortura kasu ugari salatu ziren urte haietan Intxaurrondon. Gaur egun, Guardia Zibilaren inguruko argitalpen batzuetan ETAren aurkako borrokako eroi gisa aipatzen dute oraindik, “oso garrantzitsua” izan zelakoan.