Pentsiodunek Donostiako kaleak bete dituzte, pentsio publiko duinen alde
Pentsiodunen mugimenduak deituta, ehunka lagun kalera atera dira Donostian, eta pentsi0 publiko duinen alde mobilizatu dira. Manifestazioa Alderdi Ederretik abiatu da 12:00etan, eta Erdialdeko kaleetatik ibili ostean, Bulebarrean amaitu da; ibilbide guztian zehar zaharren egoitzekin negozioa egitearen eta soldata zein pentsioetako genero arrakalaren aurkako oihuak entzun dira, baita 1.080 euroko gutxieneko pentsioen aldekoak ere. Euskal Herriko Gutun Sozialak, Gipuzkoako senideek, Donostiako gazte eta ikasle mugimenduak, Donostiako mugimendu feministak eta Euskal Herriko sindikatu gehienek bat egin dute mobilizazioarekin.
Manifestazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte, Espainiako Gobernuari azken hamarkadako lan eta pentsio erreformetako murrizketak indargabetzeko eskatzeko, baita “Toledoko Itunaren gomedioak berretsi ostean iragarritako murrizketei uko egitea” ere. “Toledoko Itunak gure aldarrikapen nagusiak errefuxatu ditu”, salatu dute. Erakundeengandik jasotako tratua ere salatu dute: “Orain arte, gobernuak ideia neoliberaletan oinarritu dira: pentsiodunek pentsio altuegiak dituztela eta denbora gehiegi bizi direla adierazi ohi baitute. Pentsioen arazoa, ordea, diru-sarreretan dago, ez gastuetan, eta horiek bermatzeak enplegu gehiago eta hobea eskatzen du”.
Horregatik, Espainiako, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuei eskatu diete “pentsiodunen beharrak asetzeko”. Horretaz gain, sei eskaera zehatz helarazi dizkiete: “gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, pentsioen birbalorizazioa automatikoa eta bizitzaren kostuaren araberakoa izatea, langileentzako soldata minimoa 1.200 eurokoa izatea, 40 urteko kotizazioa dutenen erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak eta jasangarritasun faktorea indargabetzea, soldatetako eta pentsioetako genero arrakalarekin bukatzea eta alarguntza pentsioa %100eraino handitzea”.
Jarraian, IRUTXULOKO HITZAk manifestazioan zehar egindako irudiekin osatutako argazki bilduma: