79 koronabirus kasu atzeman dituzte Donostian ostiraletik igandera
Intzidentzia metatuak behera egin du: une honetan, 373,92koa da. Gainera, mugakide diren udalerrien artean mugikortasuna baimendu dute gaurtik aurrera jarduera sozio-ekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 79 koronabirus kasu positibo zenbatu zituzten Donostian ostiraletik igandera: 28 kasu positibo ostiralean, 26 kasu larunbatean, eta 25, berriz, atzo. Intzidentzia metatuak behera egin du: une honetan, 373,92koa da. Ostiralean 461,65ekoa zen, eta pasa den astelehenean, berriz, 560,88koa. Beraz, Donostia eremu laranjan mantendu da, eta intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Horrekin batera, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Zenbaki hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, zenbatekoa 0,67koa da. Ostiralean 0,80koa zen, eta ostegunean, berriz, 0,86koa. Bestela esanda, intzidentzia metatuak behera egin du.
Gainera, LABIk hartutako erabakiaren ondorioz, mugakide diren udalerrien artean mugikortasuna baimendu dute gaurtik aurrera jarduera sozio-ekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko. Donostiako bizilagunek ondorengo udalerrietara joateko baimena dute: Orio, Usurbil, Lasarte-Oria, Andoain, Zizurkil, Hernani, Astigarraga, Errenteria eta Pasaia.
Intzidentzia osasun eremuka
Bidebieta da eremu gorrian dagoen osasun eremu bakarra, eta osasun eremu ia guztietan behera egin du intzidentzia metatuak; Intxaurrondon berdin mantendu da:
- Bidebieta: 541,59
- Intxaurrondo: 463,98
- Amara Berri: 381,59
- Egia: 371,02
- Ondarreta: 358,49
- Gros: 336,72
- Altza-Roteta: 331,11
- Parte Zaharra: 245,81
- Loiola: 232,11
- Amara-Erdialdea: 206,04
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 6
- Ondarreta: 6
- Intxaurrondo: 6
- Gros: 5
- Altza-Roteta: 1
- Bidebieta: 0
- Egia: 0
- Parte Zaharra: 0
- Loiola: 0
- Amara-Erdialdea: 0