Bera Berako jokalari guztiak konfinatu dituzte taldekide batek positibo eman ostean
Lehen taldearekin astean hiru egunetan entrenatzen duen jubenil batek positibo eman du, eta jokalari guztiak konfinatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Taldekideek joan den asteazkenean izan zuten azkenekoz kontaktua positibo eman duen jokalariarekin, eta ostegunean Malagaren aurkako partida jokatzera bidaiatu zuten jokalari guztiek negatibo eman zuten koronabirusa detektatzeko testetan.
Koronabirusa pasa ez duten taldekide guztiek gaur egingo dute testa, eta beste bat ostegunean. Nahiz eta emaitza guztiak negatibo izan, aste osoa etxean eman beharko dute jokalariek. Bera Berak ostegunean eta larunbatean partida bana ditu, Lanzaroteren eta Santanderren aurka, baina ezingo ditu jokatu; hau dela eta, taldeak Txapelketako Batzordeari bi partida horiek atzeratzea eskatu dio.
Bera Berak Malagako taldeari jada ohartarazi dio taldekide batek positibo eman duela, nahiz eta jokalari hori partidara ez joan; izan ere, larunbatean ikusi zuten elkar sailkapeneko lehenengo bi taldeek Malagan. Bestalde, Lanzaroteko eta Santanderreko taldeekin ere kontaktuan jarri direla adierazi dute, atzeratuko diren partida horien datak adosteko.