Ekida sozialisten kultur egitasmoa Donostian aurkeztuko dute
Artea eta kultura ikuspegi sozialista batetik lantzeko sortu dute Ekida sozialisten kultur egitasmoa. Ostegunean, hilaren 18an, aurkeztuko dute Donostian, San Jeronimo kaleko ekitaldiko aretoan 18:00etan. Ekitaldi irekia izango da, baina edukiera mugatua izango denez aurrez izena eman nahi duenak admin@ekida.eus helbidera idazteko eskatu dute.
Erreportajeak, elkarrizketak, iritziak, kritikak eta ekoizpen artistikoak plazaratzeko eta horien inguruan hausnartzeko plaza izango da euren webgunea. Aurrerago bestelako proiektu batzuk ere sustatuko dituztela adierazi dute. Horrez gain, aurkezpen bideo bat zabaldu dute.
Ekida egitasmoa sortzeko arrazoiak ere azaldu dituzte ohar baten bidez:
“Azken urteotan Euskal Herrian garatu den borondate politiko sozialistaren baitan askotarikoak izan dira kulturari eta arteari ere ikuspuntu horretatik heltzeko saiakerak. Intuizioak partekatu eta hausnartzeko aukera eman dute hainbat lekutan egindako mahai-inguruek, hitzaldiek eta mintegiek, besteak beste. Eztabaida eta asmo horiei jarraipena, egitura eta teilatua eman nahi die EKIDAk.
Langileok kulturalki ere bagara azpiratuak: ez gara gai gizarte kapitalistatik haragoko ezer pentsatzeko, inpotentziak eta frustrazioak betetzen dute gure bizimodua, eta horixe kontatzen dute gure arte-espresioek, egoera horren gainditzea irudikatzen lagundu beharrean. Gainera, kultur mundua bera ere inoizko despolitizatuen ageri zaigu. Ez dago elitismoaz eta azaleko alternatibismo faltsuaz haragoko eztabaidarik ia, eta arte ekoizpena nostalgian eta indibidualismoan gotortu da.
Beharrezkoa da kulturari eta arteari posizio sozialista batetik heltzea: eztabaida politikoa berpiztea, kritika sustatzea, forma artistiko berriak garatzea. Kultur esparruan ere beharrezkoa da gizarte kapitalista gainditzeko antolakuntza komunistaren printzipioei heltzea. Hori da EKIDAren asmoa, apatiarekin eta indibidualismoarekin haustea eta iraultza sozialistarekin konprometitutako artistek gizarte kapitalistak inposatutako esanahiak eta formak zalantzan jarriko dituen arte-ekoizpen propio baten eraikuntzari ekiteko espazioa ematea”.