Etxebizitzetako energia eraginkortasuna hobetzeko kanpaina klimatikoa abiatu du udalak
Donostiako Udalak Egin zaitez klimaren aldeko aktibista! kanpaina abiatu du, hiriko etxebizitzetako energia eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin. Udalak azaldu duenez, kanpaina energia kontsumoa eta faktura murrizteko tresna bat izango da parte hartzen duten herritarrentzat, eta kanpainaren webgunean parte hartzen duten etxeetako kontsumoaren, gastuaren eta CO2 isurien bilakaerari buruzko informazio eguneratua eskainiko dute. Horretaz gain, parte-hartzaileek energia txosten berezi bat jasoko dute hiru hilean behin, kontsumoaren eta energia gastuaren bilakaeraren berri emateko eta energia eraginkortasunaren inguruko gomendioak emateko.
Kanpaina familientzako pentsatuta dago bereziki, eta, parte hartzeko, udalaren webgunearen bidez edo 943-48 33 90 telefono zenbakira deituta izena eman beharra dago. Martxoaren 14ra arte irekita egongo da izen-emate epea, eta parte hartu nahi dutenek galdetegi bat bete beharko dute, euren etxebizitzaren eta kontsumoaren ingurukoa.
Donostia -CO2: Familiak klimaren alde egitasmoaren barruan abiatu dute kanpaina, eta egitasmoari hasiera eman ziotenetik (2010etik), 300 etxe inguruk eta 1.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute; batez beste, %8 aurreztu da elektrizitatearen kontsumoan. Udalaren arabera, “familiek klima aldaketaren aurkako borrokan parte hartzea funtsezkoa da” izan ere, “hiriko berotegi efektuko gasen isurketen %17 bizitegi sektoreari dagozkio. Emisio horiek, batez ere, elektrizitatearen, gas naturalaren eta gure etxebizitzetan egiten ditugun beste erregai batzuen (butanoa, propanoa, eta abar) kontsumotik datoz”. Horretaz gain, eguneroko keinuak garrantzitsuak direla gaineratu du udalak: “Berokuntzaren tenperatura 20 graduren inguruan mantentzea, hozkailuaren eta izozkailuaren tenperatura doitzea, labea berotzen ari den bitartean ez irekitzea, telebistaren stand by-a itzaltzea edo beharrezko argiak soilik piztea bezalako keinu txikiek etxeko energia-kontsumoa murrizten eta hiriko berotegi efektuko gasen emisioak murrizten laguntzen dute”.