Lehen postuan egonkortu da Bera Bera Malaga garaitu ostean
Hasiera eta lehen zati zail baten ostean, partidari buelta eman eta garaipena eskuratzea lortu zuen Bera Berak larunbatean Malagan (Andaluzia); izan ere, Bera Berak hamaika minutu behar izan zituen lehen gola egiteko, eta lehen zatia 10-8 amaitu zen Malagakoen alde. Bigarren zatian gogotsu sartu ziren donostiarrak, eta 19-22 irabaztea lortu zuten azkenean. Bera Bera da ligan partidarik galdu ez duen talde bakarra, eta A taldean lehen postuan da 19 punturekin. Malaga dago bigarren, 15 punturekin, nahiz eta partida bat gutxiago jokatu duen.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko nesken taldeak 2-5 irabaztea lortu zuen Valdemoron (Madril), eta bigarren postuan egonkortzea lortu du. Naroa Ruizek eta Cecilia Lopezek bi gol bana egin zituzten, eta Eva Aizpuruak egin zuen bestea. Mutilen taldeak, berriz, Jacaren aurka jokatu zuen Huescan, eta 1-3 galdu zuten. Hirugarren postuan jarraitzen du taldeak, baina Jaca gerturatu egin zaio atzetik.
Futbolean, Realak Getaferen aurka jokatu zuen Madrilen, eta Alexander Isaken gol bati esker, hiru puntuak poltsikoratu zituzten Imanol Alguacilen jokalariek. Vila-realek Betisen aurka galdu zuenez, bostgarren postuan da orain Reala 38 punturekin, eta Vila-real eta Betis ditu atzean, 36 eta 33 punturekin, hurrenez hurren. Goitik, berriz, Sevilla du gertuen Realak, 45 puntu baitituzte andaluziarrek partida bat gutxiago jokatuta.
Saskibaloian, Ibaeta Basket Kataluniara joan zen atzo Cadi La Seuren aurka jokatzeko, eta galdu egin zuten 67-62ko markagailuarekin. Garaipen honekin, Cadik aurrea hartu dio Ibaetari, eta zortzigarren eta bederatzigarren postuan dira hurrenez hurren, 35 punturekin berdinduta. Gipuzkoa Basketek, bestalde, Estudaintes garaitu zuen joan den asteazkenean.