Donostiatruk azoka Easo plazan izango da asteburuan
Bigarren eskuko objektuen Donostiatruk azoka egingo dute asteburu honetan Donostian, Amarako Easo plazan. Larunbatean izango da, eta mota askotako bigarren eskuko produktuak erosi eta saldu ahal izango dira, 10:00etatik 14:00etara. Besteak beste, arropa, jostailuak eta liburuak erosi ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Erosle guztien artean, bi lagunentzako otordu bat zozkatuko dute, Egiako Km0 jatetxe beganoan.
Produktuak erosteaz gain, herritarrek etxean dituzten objektuak ere saldu ahalko dituzte. Horretarako antolatzaileen postura eraman beharko dituzte egunean bertan, 9:30etik 10:00etara. Bakoitzak bost objektu eraman ditzake gehienez, eta prezioa jarri ondoren, postuan utzi beharko ditu. Azoka bukatzean, postura itzuli behar da, diruaren edo, saldu ez bada, objektuaren bila. Aurreragoko azokan postua jarri nahi izanez gero, aurretik izena eman beharra dago, udalaren webgunean.
Koronabirusa dela eta, postu gutxiago jartzen dituzte orain, eta objektuak manipulatzea saihesten ari dira. Era berean, produktu guztiak desinfektatu egiten dituzte.
Donostiatruk azokaren Internet bidezko bertsioa ere eskuragarri dago, eta nahi duen orok etxean dituen objektuak saltzeko iragarkiak jarri ditzake. Era berean, objektuak ere oparitu daitezke, Nolotiro.org webgunearen bitartez.