Egiako parkeko landareak musikaren bidez ezagutzeko aplikazio bat garatu dute
Nomad Garden, Antropoloops eta Datrikesekin elkarlanean, Kleos Cristina Enea aplikazioa garatu dute, Egiako parkeko landareak “ibilbide botaniko-musikal birtual” baten bitartez ezagutzeko. “Parkeko landareen kanpoko memoria entzuteko eta parkean zehar paseatuz elkarrekin ehuntzeko” sortu dute aplikazioa, eta landareak abestien bitartez ezagutzeko aukera eskainiko du aplikazioak: “Izendatutako eta lokalizatutako espezie bakoitzak bere jatorrizko eremu geografikoko musika tradizionalaren zati bat du lotuta, aktibatu eta bolumenez handitzen dena bertara hurbildu ahala”, azaldu du Cristina Enea Fundazioak.
Aplikazioak Tabakaleraren eta Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxearen arteko ibilbide bat proposatzen du, eta “landareak ahots-koru gisa aritzen dira, pertsonek beren ibilbidearekin nahas ditzaketenak”.
Kleos Cristina Eneari buruzko informazio gehigarria proiektuaren webgunean kontsultatu daiteke, eta aplikazioa Android zein iOS dispositiboentzako dago eskuragarri.