Kote Cabezudo laugarren aldiz epaituko dute asteazkenean
Kote Cabezudo argazkilari donostiarra laugarren aldiz eseriko da akusatuen aulkian asteazkenean, ustez justiziari oztopoak jarri izanagatik oraingoan. Hain zuzen, Ertzaintza ikerketarako froga bila zerbitzari informatiko batera sartu aurretik, zerbitzari horretatik irudi batzuk borratzen saiatu izana leporatzen diote.
Cabezudo 2018ko maiatzaren 4tik dago Martuteneko kartzelan, behin-behineko espetxealdian. Argazkilariak bi aldiz eskatu du baldintzapeko askatasuna, behin-behineko espetxealdian zegoela eta ihes egiteko edo frogak suntsitzeko arriskurik ez zegoela argudiatuz; baina bietan ukatu egin dio Gipuzkoako Auzitegiak.
2013an abiatu zen Cabezudoren aurkako auzia, donostiarrari 47 delitu leporatuz, horietako hainbat harekin lan egiten zuten modeloen sexu askatasuna urratzeagatik. Guztira, 21 emakumek salatu dute Cabezudo. Kasua hainbat zati txikitan banatuta dago, baina akusazio nagusiko epaiketak oraindik ez dauka datarik.
Lehenengo epaiketan, bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten donostiarrari, salaketa jarri zuen biktimetako bat biluzik ageri zen bere argazki bat sareetan argitaratzearekin mehatxatzeagatik. Bigarrenean, bost hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, justiziari kontratu faltsuak entregatu izanagatik, harentzako lan egin zuen adin txikiko modelo batek 18 urte baino gehiago zituela justifikatzeko. Zigor horren aurkako errekurtsoa jarri zuen Cabezudok, eta oraindik ez da behin betiko epaia atera. Urtarrilean hirugarrenez epaitu zuten argazkilaria, sare sozialetan neska gazte baten “argazki erotiko bat” argitaratzeagatik, justiziak irudi hori borratzeko agindu ondoren.
Martxoan bosgarrenez epaituko dute, ustez justiziaren beste agindu bat ez betetzeagatik: adin txikiko neska baten irudiak bere Youtubeko kanaletik kendu ez izanagatik, alegia. Urtebeteko kartzela zigorra eskatzen du akusazioak. Apirilean izango du Cabezudok oraingoz haren aurkako azken epaiketa, berriz ere, ustez justiziaren beste agindu bat ez betetzeagatik: bere biktimen bideo eta argazki guztiak sare sozial eta webgune guztietatik kentzeko agindua, hain justu.