Irlako garabia kentzen ari dira, eta Cristina Iglesiasen eskultura udaberrian irekiko dute
Santa Klara uharteko itsasargiko esku hartze artistikoaren obra zibila bukatuta dago, eta garabia helikoptero bidez kentzen ari dira, goizeko bederatzietatik. 19:00ak arte iraungo du garabia kentzeko prozesuak, eta Eneko Goia alkateak azaldu duenez, 46 bidaia egingo ditu helikopteroak Pasealeku Berritik irlara, garabia piezaz pieza kentzeko. Bestalde, alkateak Haritz Galarraga gogoan izan du, garabiko piezak irlara eraman zituen pilotua; iazko udan zendu zen bere lankide batekin batera, Seu d’Urgellen izandako istripu batean.
Goiak adierazi du esku hartzeari azken ukituak ematea eta inguru guztia txukuntzea falta dela soilik, eta “udaberrirako” Cristina Iglesiasen Hondalea eskultura inauguratzea aurreikusten dutela nabarmendu du: “Ez dugu inaugurazio eguna zehaztu, baina maiatzan edo ekainean izatea espero dugu”. Bestalde, eskultura inauguratu ondoren, bisitarien zirkulazioa nolakoa izango den azaldu du: “Bisita antolatuak egingo ditugu, jende pilaketak saihesteko. Modu ordenatuan egin behar dela uste dugu, eta Cristina Enea Fundazioarekin elkarlanean gabiltza horretarako”.
Itsasargian eskultura jartzeko lanak 2019an hasi ziren, eta eraikina birgaitzeko eta eskultura bera jartzeko lanen kostuak hainbat gorakada izan zituen 2020an zehar: kostu osoa 4,3 milioi eurokoa da. Udalak iazko urtarrilean adjudikatu zizkion lanak Moyua eraikuntza enpresari 1,46 milioi eurogatik, sei hilabetean egiteko. Ordea, lanak bertan behera utzi zituzten udan, irlako bisitariei eragozpenik ez sortzeko. Horrek kontratuaren lehen moldaketa ekarri zuen, %3,28ko garestitzea, asteburuetan ere lan egin zezaten. Azaroan, lanen bigarren garestitzea heldu zen: aurrekontua %11 garestitu zuen udalak, koronabirusak eragindako osasun krisia dela eta, hainbat sailetan murrizketak egin baditu ere.