Irutxuloko Hitzaren zenbaki guztiak sarean eskuragarri
2005eko otsailaren 17an argitaratu zen Irutxuloko Hitzaren lehen zenbakia. Geroztik argitaratu diren zenbaki guztien hemeroteka osatu berri dugu, eta Irutxuloko Hitzaren webgunean daude eskuragarri. Gaur 16 urte bete ditu Donostiako euskarazko tokiko komunikabideak, eta irakurleak hemerotekan murgildu eta denboran atzera egitera animatu nahi ditugu.
1994ko martxoan sortutako Irutxulo astekariaren oinordeko gisa sortu zen IRUTXULOKO HITZA, hiru sustatzaileren ekimenez: Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea, Bertako Hedabideak eta 41 gizarte eragilek osatzen duten Donostiako Berriak Kultur Elkartea.
Egunkari moduan sortu zen, eta 2005eko otsailaren 17ko lehenengo ale hartan Jose Mari Amorrortu orduko Realeko entrenatzailea elkarrizketatu zuten, azalera eramanez. Era berean, Xabier Otaegi Txirri pailazoak idatzi zuen Loretopetik iritzi atalean, eta Altzako Historia Mintegiak egindako Felix Udakiola auzotarrak buruz ikasitako hainbat bertsolariren aleen bilduma baten inguruko erreportajea irakurri zitekeen. Bestalde, Lugaritzeko tren geltokiaren inaugurazioa eta Loiolako kuartelen auzia ziren albiste egun hartan, besteak beste.
Asteartetik igandera argitaratzen zen hasieran, asteartetik ostiralera ondoren, eta astekari bihurtu zen 2013an. Egun, 32 orrialdeko astekaria jasotzen dute ostiralero HITZAkideek. Zuk ere jaso nahi duzu? Hartu Hitza eta izan HITZAkide!