Altzako Momo jainko eta jainkosak Harria parkean daude dagoeneko
Asteburu honetan, inauteriei amaiera emateko Eltze Festa egitekoak ziren Altzan, baina koronabirusak jai guztiak bertan behera utzi dituenez, ez da halakorik izango; horren ordez, inauterietako erakusketa jarri dute Harria parkean. Izan ere, Altzan konpartsa ugari daude, eta asko dira Donostiako inauterietan Momo jainkoaren edo jainkosaren rola euren gain hartu duten Altzako bizilagunak. Hain justu, hamar izan dira 1992tik, eta guztien omenezko panelek osatzen dute erakusketa. Parkeko eskaileretan daude panelak, eta hilaren 28ra arte egongo dira ikusgai.
Inaugurazioan paneletan agertzen diren hamar Momo jainko eta jainkosak izan dira: Higinio Imaz (Gurea konpartsakoa, 1992ko Momoa), Angel Arnedo (Santa Barbara konpartsakoa, 1996ko Momoa), Luis Albaina (Gurea konpartsakoa, 2003ko Momoa), Ismael Silva (Alegria de Alza konpartsakoa, 2006ko Momoa), Pedro Gonzalez (Santa Barbara konpartsakoa, 2007ko Momoa), Montxo Garcia (Gurea konpartsakoa, 2009ko Momoa), Jose Mari Arrieta (Arrieta konpartsakoa, 2010eko Momoa), Susana Vicente (Trumoiak konpartsakoa, 2012ko Momoa), Aitziber Urkiola (Txasiss konpartsakoa, 2014ko Momoa) eta Ruben Rodriguez (Mystic konpartsakoa, 2020ko Momoa).