Giza Eskubideen Zinemaldiko gazte epamahaian parte hartzeko epea ireki dute
Apirilaren 23tik 30era bitartean egingo da 18. Giza Eskubideen Zinemaldia, eta gazte epaimahaian izen emateko deialdia zabaldu dute. COVID-19aren ondorioz, epaimahaikide gutxiago izango dira aurten. Horrela, 18 eta 30 urte arteko 90 bat gaztek osatuko dute. Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango du epaimahaiak.
Parte hartzeko www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean izena eman behar da. Epea irekita dago martxoaren 31ra bitarte. Aldiz, apirilaren 1ean izena eman duten guztien artean zozketa egingo da, eta zerrenda zinemaldiko webgunean jarriko dute.
Aurreko urteetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera emango du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute. Parte hartzen dutenek, derrigorrez, Antzoki Zaharrera joan beharko dute apirilaren 22an, arratsaldez, film laburrak ikusteko saiora. Horretaz gain, Zinemaldian zehar, gutxienez, 18:30etako saioen %80ra joan beharko dira.
Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu. Lehiaketan hainbat herritatik eta nazioarteko zinemaldietatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute. Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira; besteak beste, solasaldiak eta erakusketak.