"Batasunak beti eraman gaitu egoera hobeago batera"
Kirol ibilbideaz, kazetaritzaz eta emakumezkoen futbolaz hitz egin du kataluniarrarekin IRUTXULOKO HITZAk. Ostiraleko astekarian osorik irakurri ahal izango da.
Lesioek futbola uztera behartu zuten Natalia Arroyo (Esplugues de Llobregat, 1986) 22 urte zituela. Hainbat hedabidetan kazetari eta esatari ibili ostean, Realeko entrenatzailea da orain. Bartzelonan eta Espanyolen aritu zen futbolari gisa, besteak beste, baina lesioek futbola uztera behartu zuten. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua, kazetari eta esatari gisa ibili da azken urteetan, Kataluniako hautatzaile izatearekin uztartuz. 2020ko udan, baina, Reala zuzentzeko ardura hartu zuen.
Hona hemen elkarrizketaren aurrerapena:
Kontraesankorra dirudi emakumeen futbola profesionalizatzeko urratsak egiten ari direnean haien liga bertan behera uzteak.
2019ko Munduko Txapelketak goia jo zuen, eta hortik aurrera denak hobera egingo zuela zirudien, baina ez da horrela izan. Ikusgarritasun handia lortu zuen emakumezkoen futbolak urte horretan, eta gora egin behar zuela zirudienean errealitateak kolpatu gintuen. Ahoz aho zegoen emakumezkoen futbola, baina gaurkotasun hori galdu du.
Gaur egun kirol maila oso altua duen txapelketa da Espainiako liga, baina ez du 2019an zuen ikusgarritasun maila. Hori da orain dugun erronka, gure futbolari berriro bultzada ematea.
Itxaropen handia nuen munduko txapelketa horren ostean, eta hazkunde maila hori galdu izana frustagarria da. Ez da deskalabrua ere, baina puxikak airea galdu du eta berriz puztu behar dugu, eta etengabe borrokan ibili behar izatea nekagarria da.
Baldintzak hobetzeko lagundu al dute jokalariek egindako grebek eta borrokek?
Gizartearen ezaugarriak direla eta, emakumeok kirolarekin dugun harremana ahotsa goratzearekin egon da lotuta. Nekagarria da etengabe borrokan egon behar izatea, baina beti izan da horrela. Lehen esan dudan bezala, emakumezkoen futbola debekatua zegoen batzuek ‘aski da’ esan zuten arte.
Hortik aurrera pixkanaka joan da gaur egun duguna eraikitzen: txapelketa sortu, erregulatu, inbertsioak lortu… Askotan esaten digute etengabe gaudela kexuka eta borrokan, baina oraindik arrazoiak daude horretarako.
Jokalariak eta klubak hitzarmena aldatzeko batu izana, esaterako, arrakastatsua izan zen, eta txalogarria iruditu zitzaidan. Batasunak beti eraman gaitu egoera hobe batera, eta albiste ona dela uste dut hain behar ezberdinak dituzten jokalari eta klubek batasuna lehenestea denon baldintzak hobetzeko.