Sagarrondo berriak landatu dituzte Ulia mendian
Cristina Enea Fundazioak zuzentzen duen FruitOndoan proiektuaren baitan, sagarrondo ale berriak landatu dituzte Ulia mendian. Azken asteetan landaturiko hainbat zuhaitz lapurtu eta kaltetu dituzte, eta horiek ordezkatzea erabaki dute.
Uliako landaketan Ulia Interpretazio Zentroan egoitza duen Bihotz Inguru Baso Eskolako irakasle eta ikasleek hartu dute zaintza eta jarraipena egiteko ardura. Bestelako eragile eta elkarte laguntzaileak dira: EHUko Magisteritza fakultatea (Ibaetako landaketa), Añorgako Bizilagun Elkartea (Añorgako landaketa), Egiako Gaztelekua eta Haurtxokoa (Egiako landaketa), Txomin Eneako Bizilagun Elkartea (Txomineko landaketa), Cristina Enea Fundazioa (Cristina Eneako landaketa).
Egitasmoa 2019ko martxoan jarri zuten abian, eta hiri nekazaritza sustatzea du helburu, hiri eremu publikoetan fruta arbola komunitarioen Gipuzkoako lehen sarea sortuz. Horrela, zuhaitzak landatu, inausi, beren uzta bildu eta fruta arbolak mantendu eta zaintzeko beharrezkoak diren gainerako jarduerak modu kolektibo eta parte-hartzailean egiten dira.
Hiriko sei guneetan
Uliako landaketaz gain, aste honetan inausketa saioak egin dira Añorgako, Cristina Eneako eta EHUko Ibaetako Campuseko landaketetan, eta landaketa berriak Txomin inguruan eta Egia auzoan. Bi kokaleku berri horiekin, FruitOndoan proiektua hiriko sei eremutara zabaldu da. Cristina Enea parkean San Juan eta Santiago sagarrondo motak landatu dira; Ulian San Pedro, San Ignazio, Plestrina eta Errezil sagarrondoak; Ibaetako kanpusean, Añorgan eta Egian San Juan, San Pedro, San Ignazio, Pelestrina eta Errezil sagarrondoak; eta Txominen Errezil, San Juan eta Urtebi sagarrondoak.