Sei emakume oroitzeko sei plaka
Joana Albret, Alice Gordon Gulick, Maria Dolores Goia, Carmen Burgos Colombine, Ignazia Zabalo 'Nornahi' eta batelariak omendu dituzte.
Donostiako Udaleko Berdintasun sailak Donostiako historiako sei emakume garrantzitsu omendu ditu Ekialdeko Barrutiko auzoetan, euren omenezko plakak jarrita. Emakume horiek euren izenean zituzten kale eta plazetan jarri dituzte plakak, baita bakoitzaren informazio pixka bat ere.
Intxaurrondo da plaka gehien dituen auzoa, hiru baititu: Alice Gordon Gulick parkekoa, Joana Albret kalekoa eta Maria Dolores Goia plazakoa. Gordon Gulick Bostonen (AEB) jaio zen, baina Donostiara heldu zen, eta emakumeentzako eskola-barnetegi bat sortu zuen, 1881ean. Albret Nafarroa Behereko erregina izan zen, eta testamentu Berria euskarara itzultzeko agindu zion Leizarragari. Goia, aldiz, irakaslea eta ikastoletako sustatzaileetako bat izan zen; 36ko gerran erbesteratu egin zen, eta 1940an itzuli zenean, euskarazko eskolak ematen hasi zen modu klandestinoan.
Bidebietan beste bi plaka daude: Carmen Burgos Colombineren omenezkoa Colombine kalean, eta Ignazia Zabalo, Nornahi-ren omenezkoa Nornahi plazan. Colombine idazle almeriarra zen, eta bere garaiko hainbat egunkaritan lan egin zuen, baita emakumeek politikan, gizartean eta kulturan duten zereginaren aldarrikatzaile nagusietako bat izan ere. Zabalo Euskal Herriko lehenengo emakume marrazkilari eta ilustratzailea izan zen, eta Nornahi ezizenarekin sinatzen zuen.
Altzan plaka bakarra jarri dute, batelarien omenezkoa, Batelari plazatxoan. XVII. mendean zehar, asko izan ziren herritarrak Pasaiko portutik alde batetik bestera ontzietan eramaten zituzten emakumeak.