Sortuk politika neoliberalek eragindako pobrezia salatu du
Parodiazko txu-txu tren batekin, politika neoliberalek eragindako pobrezia salatu du Sortuk Donostiako kaleetan. 12:00etan hasi dira protestarekin, Alderdi Ederren, eta ondoren hiriko beste auzo batzuetara joan dira. Antolatzaileen esanetan, tren hau ez da “ohiko txu-txu tren koloretsua, tren ilun eta beldurgarri bat baizik”. Gorriak pasako dituzue! zioen pankarta handi bat zuen trenak, hainbat politikariren argazkiekin, Eneko Goia Donostiako alkatea barne.
Protestan, Euskal Herriko pobreziaren inguruko datuak ere zabaldu dituzte:
· Euskal Herriko bost biztanletik bat pobrezia arriskuan dago (gehienak emakumeak), eta haurren kasuan lautik bat dira.
· Hamar gaztetatik lau langabezian daude.
· 185.031 lagun daude pobrezia energetikoan.
· Euskal Herrian 62.000 pertsona daude elikatzeko zailtasunak dituztenak.
· Emakumezkoak diren pentsiodunen kasuan, hamarretik zazpik 1.100 eurotik beherako erretiroa dute.
Politikariez gain, enpresariak eta patronalen zuzendariak ere erruduntzat jo dituzte. Egoera hau atzean uzteko “aldaketa politiko eta soziala” beharrezkoa dela azpimarratu dute.