Aste Nagusiaren egurrezko sorlekua
Illunbeko zezen plaza gaur egun ia erabiltzen ez bada ere, Donostian oso ohikoak izan ziren zezenketak garai batean, eta hirian hainbat izan dira historian zehar. Atotxan egurrezko bat eraiki zuten XIX. mendearen bukaeran, eta han jaio zen Aste Nagusia.
Gizarteak aurrera egin ahala, zezenketen zaletasuna gutxitzen joan da Donostian, baina garai batean oso ohikoak ziren hirian, eta zezen plazak jendez betetzen ziren.
Gutxienez, XIX. mendearen hasieratik egiten dira tauromakia jarduerak Donostian: 1824an, Konstituzio plaza eraiki zuten, eta zezenketak eta sokamuturrak egiteko erabiltzen zuten, 1851n San Martingo zezen plaza eraiki zuten arte. 1867an, ordea, sute batek suntsitu egin zuen (egurrezkoa zen). Bi urte geroago, beste zezen plaza bat eraiki zuten Atotxan, baina Hirugarren Karlistaldian (1872-1876) su hartu zuen, eta hiria zezen plazarik gabe gelditu zen. Guda bukatuta, Jose Arana enpresariak negozioa egiteko aukera ikusi zuen, eta beste zezen plaza bat eraiki zuen leku berean, gaur egungo Atotxako dorrearen eta Tabakaleraren artean.
Egurrezkoa zen, eta Jose Goikoa arkitektoak egin zuen, 30 egunetan. Eraiki eta berehala, Arana zezenketak antolatzen hasi zen, eta Donostiak gerraren ondorioz galdu zuen turismo aristokratikoa berreskuratu zuen. Abuztuaren 15eko Ama Birjinaren Egunaren bueltan, aste osoko zezenketen egitaraua antolatzen hasi zen, Semana Monumental eta Gran Semana izenekin. 1879tik aurrera, ordea, Semana Grande izena jarri zion, eta horrela heldu da gaur egunera arte, nahiz eta gaur egun zezenketak ez diren Aste Nagusiko erdigunea.
Pixkanaka, egokitzapenak egin zizkioten zezen plazari, eta 1882an 10.000 lagunentzako edukiera izatera heldu zen. Aste Nagusiaren sortzailea izateaz gain, gaueko zezenketen sortzailea ere izan zen Arana, 1886ko abuztuaren 31n antolatu baitzuen historiako lehenengoa, Atotxako zezen plazan. Arrakasta izan zuen, baina zalaparta ere sortu zuen, gauez izanda ere, Aranak eguzkiko eta itzaleko sarrerak saldu baitzituen.
Mende berriarekin, gainbehera
XX. mendea heltzearekin batera, gero eta jende gehiago Arana kritikatzen hasi zen, beti toreatzaile berak kontratatzen zituela egotzita.
Horren aurrean, beste enpresa batek Aranaren gainbehera aprobetxatu zuen, eta beste zezen plaza bat eraiki zuen Groseko Txofre plazan, 1903an. Denbora tarte batez bi plazak egon ziren funtzionamenduan, baina Atotxakoak gero eta jende gutxiago erakartzen zuen, eta 1908an eraitsi zuten.