Azken bi urtetako proiektuak egiteko 2,4 milioi euro izango ditu Ekialdeko barrutiak
Donostiako Udalak Ekialdeko barrutiaren aurrekontuaren inguruko xehetasunak eman ditu. Herenegun egin zuten barrutiaren batzarra, eta hainbat erabaki hartu ziren. Barrutiak 2.476.000 euroko aurrekontua kudeatuko du 2019an eta 2020an exekutatu gabe gelditu ziren proiektuak egiteko.
Era berean, 2021ean zein proiektu garatuko diren erabakitzeko, batzarkideek astebeteko tartea izango dute proposamen berriak egiteko, baita jadanik aurkeztu direnak gehiago zehazteko ere. Martxoan ezohiko bilera egitea adostu zuten proiektuen behin betiko zerrenda onartzeko.
Aurrekontua kudeatzeko moduariz buruz, batzarkideek 2022ko barrutiaren aurrekontua zehazteko prozeduraren gainean erabaki zuten, partaidetza eta komunikazio lantaldean landutako prozedura jarraitzea, batzarraren proposamenak udalaren aurrekontua definitzeko prozedurarekin batera joateko. Halaber, Auzoak eta Zeharkako Proiektuetako zinegotzi Mariaje Idoetak 2022ko aurrekontua osatzeko egingo den Partaidetzazko Aurrekontuen prozesua azaldu zuen.
Herrerako tren geltokiko lanak ere eztabaidagai izan ziren. Altzako Historia Mintegia, Herripe eta Osteguna elkarteek hainbat eskaera aurkeztu zituzten Herrerako tren geltokian Renfek egingo dituen egokitze-lanei buruz, besteak beste honakoak: Trenbide azpiko tunelaren sarrera dagoen Altzako armarria babesteko; geltokian dauden bi haritz babesteko; igogailuetako bat erabilera mistokoa izango dela bermatzeko; eta lurpeko pasabidearen itxieraren dela-eta ibilbide alternatibo bat egokitzeko. Eskari horiek guztiak helarazi direla zehaztu zuen zinegotzi-buruak.
Azkenik, lantalde ezberdinetako arduradunek, hala nola, Hirigintza eta mugikortasuna, Partaidetza eta komunikazioa, Berdintasuna, Merkataritza eta garapen ekonomia, Egituraketa, Diagnostikoa, eta Oroimen historikoa, aurreko batzarraren bilkuratik izandako bileren informazioa partekatu zuten; baita Donostia Kultura eta Euskara Zerbitzuko arduradunetako batzuekin izandako bilera ere, barrutian bi arlo horietan ekintzak indartzeko aukerak aztertzeko.