Gogoko diat goizeko napalm usain hori

Kontxako badian irudi bitxi bat izan zen asteazkenean: helikoptero batek egun osoa pasa zuen Pasealeku Berritik irlara bidaiak egiten, Santa Klarako garabia kentzeko. Hondalea-ren proiektuaren berri ez zuen norbaitek ikusi izan balu, “irla erasotzen ari dira!”, pentsatu zezakeen, Apocalypse Now filmaren eszena bat izango balitz bezala. Helizeen zarata badia guztitik, helikoptero bat irlara joan-etorri etengabeak egiten… Bozgorailuetatik Wagnerren musika entzutea, operazioaren zuzendariak “gogoko diat goizeko napalm usain hori” esatea, eta irla bonbardatu ondoren surf taula hartzea baino ez zen falta. Ordea, ez gaude Vietnamen, Donostian gaude: surfa Zurriolan (laster, Antondegin ere bai) egiten da, eta irla ez du betetzen helikopteroetatik botatzen duten napalm horrek, udan itsasontzietan heltzen diren bisitariek baizik. Irudimena erabiliz gero, horrek ere Apocalypse Now-ren antza har dezake; Aitona Julian ontziaren bidaiei Wagnerren Walkirien kabalkada jarri eta gozatu filmaz.