"Aukera paregabea iruditu zitzaidan Reala entrenatzea: beraz, aterkia hartu, eta Donostiara etorri nintzen"
Erraietatik datorkio futbola Natalia Arroyo Clavelli (Esplugues de Llobregat, Herrialde Katalanak, 1986). Bartzelonan eta Espanyolen aritu zen futbolari gisa, besteak beste, baina lesioek futbola uztera behartu zuten. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua, kazetari eta esatari gisa ibili da azken urteetan, Kataluniako hautatzaile izatearekin uztartuz. 2020ko udan, baina, Reala zuzentzeko ardura hartu zuen.
Nola ikusten duzu taldea lehen itzuliaren ostean?
Askotan taldeen dinamika azkeneko emaitzekin lotzen dugu. Denboraldian gauza asko ondo egiten ari garela uste dut, baina zuzeneko arerioen aurka galtzeak izorratu gaitu, batez ere partida oso onak jokatu ditugulako galdu dugun aldietan. Levanteren aurkako partidan irabazteko gauza asko egiten ditugula erakutsi genuen, baina detaile txiki batzuek desorekatzen gaituzte.
Geratzen diren hilabeteei postuak igotzeko erronkarekin egingo diegu aurre, jakin badakigulako gauza asko ondo egiten ari garela, baina baita ere esperientzia faltak eta gaztetasunak irabazi beharko genituzkeen partidak galduarazten dizkigutela.
22 urte zenituela futbola utzi behar izan zenuen lesioengatik. Gogorra izan zen garai hori?
Kontziente naiz ibilbide motza izan dudala futbol jokalari gisa, eta ez nintzela nahi nuen lekura iritsi, baina hala ere harro nago jokalari moduan egin nituen urteetaz.
15 edo 16 urte nituela, Bartzelonako lehen taldeko dinamikan sartzen hasi nintzen pixkanaka, baina belauneko lesio batek gorako joera hori moztu zidan. Horrek, baina, Espanyolen lehen taldearekin denboraldi-aurre bat egiteko aukera eman zidan, eta Txapeldunen Liga jokatu nuen 2006/2007 denboraldian.
Badakit bi urte bakarrik eman nituela maila gorenean, baina asko ikasi nuen urte horietan. Lesionatzeak, itzultzeak eta berriro erortzeak mentalki indartsu egiten zaitu. Inoiz ez dakizu zer gertatuko den; horregatik, bakoitzaren esku dauden faktoreak kontrolpean izatea giltzarria da aurrera egiteko, eta hori irakasten saiatzen naiz nire jokalariei.
Ordutik futbolaren munduan jarraitu duzu lanean, kazetari eta entrenatzaile moduan. Ikusten duzu zure burua esparru horretatik at?
Lesio bat kolpe latza da, muga bat jartzen dizu, eta hortik aurrera zure bizitza nolakoa izango den erabaki behar duzu. Emakumezko futbol jokalari guztiek dugu azkenean beste bizitza bat, eta nik hasieratik argi nuen kirolari lotuta egongo zela. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien eta Kazetaritzaren artean dudak nituen, asko erreparatzen bainien kirol emankizunei eta kronikei.
Lesioek goiz amaitu zuten nire futbolari ibilbidea, eta hortik aurrera hainbat lan eta proiektutan ibili naiz murgilduta.
Azkenean, zelaiko jokotik ahal nuen gertuen amaitu dut, entrenatzaile izaten, eta kirolaren apeta bestelakoekin asetzen dut, txirrinda edo igeriketarekin, adibidez. Hauek ere irakatsi didate beste zerbait, futbola azken finean kirol kolektibo bat besterik ez baita.
Futbol emanaldietan gizonen ahotsak dira nagusi, baina pixkanaka emakume gehiago entzuten ditugu. Hobekuntza nabaritzen duzu?
Uste dut egoera hobera doala, baina ez da nahikoa. Kirol kazetaritzan emakumearen ahotsak ezin du apaingarri hutsa izan, gero beti gizonak diren adituei hitza emateko. Azken finean, emakumearen paperak ezin du izan gizonei sarrera egitea, guk ere badakigulako futbola analizatzen eta informazio berezia jasotzen dugulako. Eta honekin apurtzen ari dela uste dut, baina motelegi.
Partiden narrazioetan, adibidez, garbi dago duela hamar urte baina emakume gehiago daudela, baina gehienak zelaian bertan daudenak dira, kabinatik ondo ikusten ez dena azaltzeko; hau da, paper neutrala betetzen dute narrazioaren munduko emakume gehienek.
Baina gauza hobera doa, eta Frantziako Munduko Txapelketan garbi ikusi zen, ia lehenengoz jokalari ohiak, entrenatzaileak eta orokorrean futbolari buruz asko dakiten emakumeak ibili baitziren lanean, eta audientzia datuak izugarriak izan ziren.
Taktikari eta orokorrean futbolari buruz asko idatzi izan duzu sare sozialetan, eta orain entrenatzaile gisa ere aktibo ibiltzen zara. Kazetari senagatik akaso?
Baliteke, bai. Ez dut estrategia zehatzik, baina partiden osteko beroaldia amaitzean gustatzen zait aipagarriena iruditzen zaidana adieraztea, garrantzitsua baita mundu ultrakomunikatu honetan feedback-a ematea.
Kazetaria nintzenean garbi nuen ez nuela guztiari buruzko iritzia eman nahi, sakondu ezingo nuen eztabaida zentzugabeetan sartuko nintzelako. Sare sozialen formatua gainera ez da eztabaidatzeko egokiena, mugatua baita eta ezin delako zuzenean pertsona batekin eroso eta sakon hitz egin.
Presio asko duzue esatariek?
Gogorra da partidak komentatzea, talde baten edo bestearen zaleak mindu baititzakezu, nahiz eta zure lana partida ikuspuntu objektibo batetik iruzkintzea izan. Eta orain, talde baten ordezkari gisa, nire ikuspuntua zabaltzea gustatzen zait, baina hau errazagoa da, azken finean taldearen lanaren inguruko iritzia ematen baitut soilik.
Azken aldian kritika asko jaso ditu kirol kazetaritzak. Justuak direla uste duzu?
Orokorrean, uste dut baietz, leku eta hedabide askotan futbolaz soilik hitz egiten baita. Audientzia masiboa duten programa hauek astean bi edo hiru partidetara mugatzen dira, eta partidek bere horretan ematen duten informazioarekin nahikoa ez dutenez, bestelakoetan zentratzen dira, txapelketari berari arreta kenduz.
Audientzien gerrak anabasa sortzen du, eta ikusleria handiko programen aitzakia nagusia ‘publikoari gehien interesatzen zaiona ematen diogu’ izaten da, baina kalean ikusten da beste kirolak interesatzen zaizkion jendea badagoela.
Katalunian, esaterako, bestelako kirolen inguruko informazio asko dago, eta orain Donostian nagoela ere nabaritu dut hori. Pilotarekiko duzuen pasioak txunditu nau adibidez, eta albistegietan askotan futbolak baino lehentasun handiagoa dute bestelako kirolek. Beste kirolak leku guztietan daude, baina gutxitan lortzen dute albistegiak irekitzea; une edo leku zehatzetan gertatzen da hori, Olinpiar Jokoetan edo Euskal Herrian, adibidez.
Lehen mailan ere gutxi zarete taldeak entrenatzen dituzten emakumeak. Zer dela eta?
Duela gutxi arte emakumezko futbol jokalarientzat ez zen errealista etorkizunean entrenatzaile izatea; futbola amaitu eta urteetan paraleloki eramandako bizitzari %100ean eustea zen ohikoena.
Azken urteetan, baina, entrenatzaile izateko ikasten ari dira geroz eta futbol jokalari gehiago, eta pixkanaka hasi gara taldeak zuzentzen. Denbora kontua izango da gehienbat, klubak ohartzen direnean emakumeok zuzenduriko taldeek emaitza onak lortu ditzazketela. Eta gertatzen ari da. Maria Pryren kasua adibide ona da: Betisen lan ona egin ostean Levante bezalako talde bat entrenatzeko erronkari heldu zion, eta ligako talde onenetarikoa izaten jarraitzen du. Halako ereduekin erakusten ari gara emakume bat entrenatzaile jartzeak ez duela zertan abentura bat izan behar, eta emaitza onak lortu ditzazkegula.
Jenny Benitez Huelvako entrenatzailea ere eredu ona da, momentu zail batean taldea zuzentzeko ardura hartu eta aurrera egiten ari baita, edo Iraia Iturregi Athleticeko entrenatzailea. Entrenatzailea izatea, baina, ez da ireki den ate bakarra, geroz eta jokalari ohi gehiago ari baitira kirol zuzendari, ordezkari edo manager bezala lanean.
Domino efektu moduko bat dirudi.
Hala da, guztiz. Futbolera jokatzea debekatua genuen garai batzuetatik gatoz, eta ez da uste dugun bezain aspaldiko kontua. 1981. urtera arte ez zioten ofizialtasuna aitortu emakumeen futbolari, eta ordutik ikusgarritasuna lortzeko etengabeko borrokan egon gara.
Hasieran ikusezinak ginen, baina pixkanaka geroz eta zarata gehiago egiten ari gara. Gaur egun neskatila askok futbola etorkizun profesional gisa ikusten dute, eta hori duela urte gutxi pentsaezina zen.
Kontraesankorra dirudi emakumeen futbola profesionalizatzeko urratsak egiten ari direnean haien liga bertan behera uzteak.
2019ko Munduko Txapelketak goia jo zuen, eta hortik aurrera denak hobera egingo zuela zirudien, baina ez da horrela izan. Ikusgarritasun handia lortu zuen emakumezkoen futbolak urte horretan, eta gora egin behar zuela zirudienean errealitateak kolpatu gintuen. Ahoz aho zegoen emakumezkoen futbola, baina gaurkotasun hori galdu du. Gaur egun kirol maila oso altua duen txapelketa da Espainiako liga, baina ez du 2019an zuen ikusgarritasun maila. Hori da orain dugun erronka, gure futbolari berriro bultzada ematea. Itxaropen handia nuen munduko txapelketa horren ostean, eta hazkunde maila hori galdu izana frustagarria da. Ez da deskalabrua ere, baina puxikak airea galdu du eta berriz puztu behar dugu, eta etengabe borrokan ibili behar izatea nekagarria da.
Baldintzak hobetzeko lagundu al dute jokalariek egindako grebek eta borrokek?
Gizartearen ezaugarriak direla eta, emakumeok kirolarekin dugun harremana ahotsa goratzearekin egon da lotuta. Nekagarria da etengabe borrokan egon behar izatea, baina beti izan da horrela. Lehen esan dudan bezala, emakumezkoen futbola debekatua zegoen batzuek ‘aski da’ esan zuten arte. Hortik aurrera pixkanaka joan da gaur egun duguna eraikitzen: txapelketa sortu, erregulatu, inbertsioak lortu… Askotan esaten digute etengabe gaudela kexuka eta borrokan, baina oraindik arrazoiak daude horretarako.
Jokalariak eta klubak hitzarmena aldatzeko batu izana, esaterako, arrakastatsua izan zen, eta txalogarria iruditu zitzaidan. Batasunak beti eraman gaitu egoera hobe batera, eta albiste ona dela uste dut hain behar ezberdinak dituzten jokalari eta klubek batasuna lehenestea denon baldintzak hobetzeko.
Nola jaso zenuen Realaren eskaintza?
Gorde gabeko zenbaki baten dei galdua ikusi nuen, eta ondoren mezu bat jaso nuen, Realak nirekin hitz egin nahi zuela esanez. Hortik telefonoz hitz egin arte ordu batzuk igaro ziren, eta nahiago izan nuen ametsetan ez hasi. Hala ere, ez nuen asko lasaitzea lortu, lehenagotik begiko bainuen klub hau, filosofiagatik eta taldearen gaztetasunagatik batez ere.
Zerk eraman zintuen eskaintza onartzera?
Salto hori emateko gogoa nuen; Kataluniako selekzioan partida bakoitzaren ostean nituen sentimenduek, positiboek eta negatiboek, geroz eta gehiago nahi izatea eragin zuten, eta lehen mailako talde bat zuzentzeko gaitasunak nituen ala ez probatzeko gogoa sartu zitzaidan.
Hala eta guztiz ere, ez zen erraza izan erabakia hartzea, etxetik joatea eta nire gertukoengandik urruntzea eskatzen baitzuen, baita ardura handia hartzea ere. Baina aukera paregabea zela ikusi nuen azkenean; beraz, aterkia hartu eta Donostiara etorri nintzen.
Donostian daramazun denbora urrian Euskaraldian belarriprest izan zara. Zer dela eta hartu zenuen parte?
Badakit oso zaila izango dela euskaraz arin hitz egitea, baina txikitatik bizi izan naiz inguru poliglota batean, eta hizkuntzek pertsonak gerturatzen gaituztela uste dut; azken finean, pertsona bakoitzak erosoen sentitzen den hizkuntzan hitz egiteko eskubidea du.
Nire kasuan, Donostiara iritsi nintzenean garbi nuen euskara ikasteak lehentasunetariko bat izan behar zuela, futbolaz gain. Bertako jendearekin eta nire jokalariekin euskaraz hitz egiteko beharrezkoa ikusten nuen hasieratik euskara ikastea, eta astean bitan noa euskaltegira. Bertan, Euskaraldiaz hitz egin ziguten, eta egitasmo paregabea iruditu zitzaidan. Asko ulertzen ez dugun hizkuntza bat entzutea aberasgarria da, eta bi pertsonen artean hizkuntza ezberdinen bitartez komunikatzea posible da.
Futbolaren munduan, gizonezkoenean batez ere, kontrakoa gertatzen da orokorrean, eta deskonexio handia dagoela dirudi jokalarien eta gizartearen artean.
Hala da, baina ez da futbolean bakarrik gertatzen. Dirudun asko dago mundu honetan, baina gizartearen zati batek behar asko ditu, etxebizitza bat edo jatekoa, esaterako. Eta behar hori asetua duzunean, zailagoa da gaizki pasatzen ari den jendearekin enpatia izatea.
Hala ere, askotan gizarteak behartzen ditu deskonexio horretara, presio asko baitute. Bestalde, politikaren inguruan edo gizartearekin zer ikusia duen zerbaiten inguruan iritzia ematen saiatzen direnean jopuntuan jartzen ditugu sare sozialetan eta hedabideetan.
Emakumeen futbolean ez da hau gertatzen, jokalarien eguneroko bizitza gainontzekoen oso antzekoa delako, eta ohiko arazoei aurre egin behar dietelako. Hau dela eta, uste dut emakume futbolariek gehiago parte hartzen dutela gizarteko mugimenduetan gizonezkoek baino, Martxoaren 8a bezalako egunak kontuan izan gabe.