Amarako feministak abortuaren aurkakoei aurre egiteko antolatzen ari dira
Abortuaren aurkako katoliko sutsuak Amarako Askabide klinikaren aurrean jartzen ari dira egunero berriz, abortuaren aurkako aldarriekin. “20 urtetik gora daramate bai klinika, bai bertaratzen diren emakumeak jazartzen, eta hori onartezina da” salatu dute auzoko feministek. Azaldu dutenez, 40 días por la vida egitasmoaren baitan ari dira klinikaren aurrean mobilizatzen, iazko udazkenean egin zuten moduan.
Orduan, Amarako feministak abortu-kontrakoei aurre egiteko antolatu ziren, eta orain gauza bera egiten ari dira: “40 egun horietan zehar, arratsaldero beraien aurrean jarriko gara gure aldarriekin (18:00ak aldera, ordubetez, gutxi gora-behera”. Mobilizatzeko egun asko dira, eta, horregatik, euren mobilizazioekin bat egiteko deia zabaldu dute. Horrela, mobilizazioetan parte hartu nahi dutenek amarakotaldefeminista@gmail.com posta elektronikora idatzi dezakete, eta Amarako talde feministak txandak antolatuko ditu. Era berean, norberak bere pankartak eta kartelak egiteko eskatu dute, katoliko sutsuak jartzen diren lekuan ipintzeko.