Haurreskoletako langileek grebari ekin diote, %72ko jarraipenarekin
Gaurtik hasita astelehenera, greban daude haurreskoletako langileak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Saileko arduradunen “negoziatzeko borondate eza” salatzeko eta sektoreko langileen eskakizunak aldarrikatzeko. Gaurkoan, Alderdi Ederren 250 pertsona inguru elkartu dira haurreskolen egoera salatzeko, eta ondoren Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako delegaritzan elkarretaratzea egin dute. Asteazkenean Lakua (Gasteiz, Araba) inguratuko duen manifestazio bat egingo dute borroka zikloa amaitzeko.
LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek arduradun politikoen isiltasuna salatu dute, eta langileen borroka ikusezin bihurtu nahi dutela gehitu dute. Hau dela eta, Jokin Bildarratz EAEko Hezkuntza sailburuari haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezan eskatu diote, baita pandemia dela eta baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei kuoten hobariak gauzatzea ere.
Aitortza garaia
Zero eta hiru urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehen zikloari “merezi duen aitortza ematea” ere aldarrikatu dute protesta egin dutenek, eta Haurreskolak Patzuergoaren doakotasuna eta Hezkuntza Sailean integratzea eskatu dute. Bestalde, indarrean dauden akordioak errespetatzea eta lan hitzarmen berriaren negoziaketa abiatzea ere eskatu dute, baita aurrekontua handitzea ere.
Azkenik, sektorean dagoen behin behinekotasunarekin amaitzea ere eskatu dute; izan ere, haurreskoletan langile ugari daude behin behineko lan kontratuarekin jardunean.