Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zela egiaztatzen duten grabazioak
Público hedabideak Mikel Zabalza (1952-1985) Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zela agerian uzten duten grabazioak argitaratu ditu. Zabalza atxilotu zutenean CESID-eko (Centro Superior de Informacion de la Defensa) koronela zen Luis Alberto Peroteren eta Galindoren aginduetara zegoen Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat da grabazioa, eta Zabalza Intxaurrondon hil zela adierazten dute: “Esku artetik joan zaie, galdeketan gelditu zaie”, dio Gomez Nietok.
Grabazioa Miguel Angel Llamas eta Amaia Merino zinemagileek aurkitu zuten Peroteren ziegan, Non dago Mikel? dokumentalerako egindako ikerketan. Dokumentala Zinemaldia estreinatu zuten, eta zinema aretoetara helduko da ostiralean, hilaren 26an. Era berean, audioa Ahotsa.info atariaren Galdutako objektuak dokumentalaren parte izango da laster.
Peroteren eta Gomez Nietoren arteko elkarrizketan, Intxaurrondoko kuartelean erabiltzen zituzten tortura motak ere aipatzen dituzte: “Nik uste dut geldialdi kardiako bat izan zela, buruan jarritako poltsaren ondorioz”, dio kapitainak.
Público-k argitaratutako eta Berria egunkariak euskaratutako audio osoa, jarraian:
Zabalzaren kasua
1985eko azaroaren 26ko goizaldean atxilotu zuten guardia zibilek Zabalza Altzan –orbaizetarra zen, baina Altzan bizi zen, Donostiako Tranbia Konpainiako autobus gidaria baitzen–, ETAko kidea zelakoan. Ion Arretxe idazlea, Idoia Aierbe (Zabalzaren bikotekidea), Manuel Bizkai (Zabalzaren lehengusua) eta Patxi eta Aitor (Zabalzaren anaiak) atzeman zituzten operazio berean. Zabalza Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten, eta handik hogei bat egunera hilik agertu zen Bidasoa ibaian, Endarlatsa (Nafarroa) inguruan, tortura zantzuekin.
Bertsio ofizialaren arabera –gaur egun bertsio horrek indarrean jarraitzen du–, zona horretan ETAren arma zulo bat egiaztatzen ari zirenean, Zabalzak ihes egin zien guardia zibilei, zulo batetik ibaira erori zen eta itota hil zen. Harekin atxilotutakoek torturak salatu zituzten –Aierbek, esaterako, bizitza guztian pairatu zituen tortura haien ondorioak–, kuartelean Zabazaren oihuak entzun zituztela adierazi zuten, eta hainbat ikerketek bertsio ofiziala ezeztatu zuten. Kasua, ordea, artxibatuta dago 2010etik, eta ez da inoiz argitu gertatutakoa.