EH Bilduk eskatu du ez uzteko ikastetxeak karpak jartzeko diru laguntzarik gabe
Pandemiari aurre egiteko ikastetxeetan karpak jartzea “funtsezkoa” dela adierazi du EH Bilduk. Horregatik, osteguneko udalbatzarrari begira adierazpen instituzional bat erregistratu dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu diote diru laguntza propio bat ezartzeko udal jabetzako higiezinetan karpak hornitzeko eta instalazio gastuak finantzatzeko. Garbiñe Alkiza zinegotziak prentsa agerraldia egin du xehetasunak emateko, eta ondoren, Bozeramaileen Batzordean, udal talde guztiek aho batez onartu dute adierazpena.
“Eusko Jaurlaritzak ez du aparteko ahalegin ekonomikorik egin arlo horretan, ohiko diru-laguntzak birformulatzera mugatu da, ekarpen ekonomikoa handitu gabe. Laguntzak tramitatzeaz arduratzen den Donostiako Udal gobernuak ere ez du aparteko ahaleginik egin. Horren guztiaren ondorioz, bi ikastetxek bakarrik baliatu ahal izan dute diru-laguntza hori karpak jartzeko, azken egunotan ikusi dugun bezala, eta laguntzarik kanpo geratu dira gainerako ikastetxeak”, adierazi du Alkizak.
Udalaguntza izeneko laguntza ekonomikoak adjudikatzen ditu urtero Jaurlaritzak. Pandemiaren eraginez, 2020ko diru-laguntzetan ikastetxeak dauden udal eraikinetako hobekuntza lanak laguntzearekin batera, ikastetxeei karpak instalatzeko aukera barneratu zuten. Aurten, ordea, Jaurlaritzak iazko diru kopuru bera –6 milioi euro– bideratuko duela kritikatu du EH Bilduk. “Laguntzak eskatzeko prozedurari dagokionez, udalen ardura zen ikastetxeen beharrak aztertzea eta karpa bat behar ote zuten erabakitzea. Dirulaguntza hau eskuratzeko, Donostiako hainbat ikastetxek egin dute jolastokian karpak ezarri ahal izateko eskaera, baina Udalaguntza-2020ak dituen diru kopuru mugak direla eta, ezin izango da eskola hauen guztien eskaera bete. Jakin dugunez, Donostiako bi ikastetxeren eskaerei besterik ez zaie aurre egingo: beste hainbat ikastetxe laguntza gabe geratuko dira”.
Ikastetxe guztiek jolastokietan karpa jarri ahal izateko laguntza bera jaso behar dutela azpimarratu du Alkizak, eta horregatik gaia osteguneko udalbatzarrera eramango dute.