Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean protesta egin dute haurreskoletako langileek eta gurasoek
Bigarren greba eguna izan dute gaur Euskal Autonomia Erkidegoko haurreskoletako langileek, eta 17:00etan elkarretaratzea egin dute gurasoekin eta haurrekin batera Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean. Atzo hasi eta bihar amaituko dute grebaldia, eta %72ko jarraipena izan duela adierazi dute LAB, ELA eta STEILAS sindikatuek.
Atzo ere elkarretaratzea burutu zuten haurreskoletako langileek Eusko Jaurlaritzaren Gipuzkoako Delegaritzan, eta haien eskakizunak aldarrikatzeaz gain, Hezkuntza Saileko arduradunen isiltasuna salatu zuten, baita aldarrikapenen aldeko borroka ezkutatzen ari direla ere. Besteak beste, Haurreskolak Patzuergoaren doakotasuna eta Hezkuntza Sailean integratzea eskatzen dute, baita indarrean dauden akordioak errespetatzea eta lan hitzarmen berriaren negoziaketa abiatzea ere.
Bihar amaituko dute hiru eguneko greba hau, eta Gasteizen (Araba) manifestazioa egingo dute, Lakuako Eusko Jaurlaritzaren egoitza inguratuko dute.