Parte Zaharrean geldituko da Txiki taberna
San Lorenzo kaleko lokala igandean itxiko dute betiko, baina martxoan hasi nahi dute berriz lanean, izen berriarekin eta taberna berri batean, Iñigo kalean.
Txomin Telladok 2000. urtean ireki zuen Txiki taberna. Heavy metalaren eta rockaren tenplua izan da 21 urtez, baina orain garai berri bati ekiteko unea iritsi zaio. Beste lokal batera doaz, Iñigo kalera. Egarri taberna hartu dute, jabearekin kontratu bat adostu ondoren.
Gaueko pub edo dantzaleku baten itxura du lokal berriak, baina Tellado gogor ari da lanean beste estilo bat emateko, rock ukitua emateko. Gainera, izen berria izango du: Basati. “Keinu bat egiten dio gure identitateari. Izenarekin jolastu nahi dugu. Su Ta Gar-en disko baten izena ‘Jaiotze basatia’ da. Joko handia emango digula uste dut”.
Gogotsu dago, ilusio handia duela dio. Martxoan ireki nahi du taberna.
San Lorenzoko tabernaren azken egunak dira, eta betiko bezero fidelak ez dira falta. Hainbat musikazaleren topalekua izan da Txiki taberna. Urte hauetan guztietan tabernan sortutako harremanez, lehen urteez eta hainbat oroitzapenez gogoratu da Tellado Irutxuloko Hitzak egin dion elkarrizketan. Ostiralean argitaratuko da, astekarian.