Udalaren eskaintza "onartezinak" salatzeko manifestazioa egingo du Amarako Gazte Asanbladak
Amarako Gazte Asanbladak salatu du Donostiako Udalak ez diela alternatiba egokirik ematen; izan ere, aurreko udazkenean auzoko bost eragilek erabiltzen duten lokala husteko hilabete inguru zutela zioen eskutitz bat jaso zuten. Amarako Jai Batzordeak, AKE Amara Kirol Elkarteak, Moxolo gazte elkarteak, Mamur haurrentzako aisialdi taldeak eta Amara Bai auzo elkarteak erabiltzen dute lokal hau.
Hasiera batean San Bartolome kalean eskaini zieten lokal bat, baina gazte asanbladak eskaintza hori “onartezina” zela helarazi zion udalari. Ondoren, udalak Bidebietako lokal bat eskaini zien, are urrutiago.
Eskaintza hauek eragile politikoak auzotik botatzeko helburua dutela adierazi du gazte asanbladak, eta haien jarrera berrestu dute: “Gure jarduna eta aisialdia aurrera eramateko gure auzoan espazio bat behar dugu. Amaran, eta ez beste auzo batean. Gazteak auzotik kanpo nahi gaituzte”.
Donostiako Udalaren jarrera honen aurrean, manifestazioa egingo dute igande honetan, hilak 28; Easo Plazatik abiatuko da 12:30ean.