Jose Luis Zumetaren iturrian pintaketak egin dituztela salatu du Donostia Kulturak
Indianoene eta Rodil kaleen arteko plazatxoan dago iturria, eta joan den urtean artelana eraberritzeko lanak egin zituzten hilabetez, pinturaz guztiz estalita baitzegoen. Handik gutxira, iturria berriz ere grafitiz eta pintaketaz estali dutela salatu du Donostia Kulturak, eta ekintza “bandaliko” gisa sailkatu ditu.
Joan den abenduan artelana berreskuratzeko lanak egin ostean, iturria zer den eta nork egin zuen adierazten duen panel bat jarri zuten, lehenago egin zituzten “erasoak eta pintaketak” ekiditeko. Hala ere, ez dute lortu, eta egoera hau tamalgarria dela gehitu dute.
Zumetaren iturria
Donostiako Udalak hiriaren alde hau urbanizatzean eskatu zion Jose Luis Zumetari artelan hau egiteko. Amaia Zinkunegi zeramikariak lagundu zion artelana egiten; 106 cm x 190 cm neurridun zeramikazko egitura bat sortu ostean, Zumetak gainean egin zuen bere lana, artisau esmalteak erabiliz. Artelan hau San Telmo Museoak egindako Donostiako Atlas Eskultorikoan sartu zuten, baina ez da hiriko gainontzeko eskulturak eta artelanak bezain ezaguna.