San Bartolome muinoko merkataritza gunearen proiektuak herritarren bizi kalitateari eragingo diola ohartarazi dute
Erdian Bizi elkarteak ohartarazi du hiriko “B.20.2” lursailean egin nahi duten Hiri Antolamendurako Plan Bereziak herritarren bizi kalitatean eta Donostiako iraunkortasunean negatiboki eragingo duela. Plan honekin, besteak beste, merkataritza gune bat eraiki nahi dute San Bartolome muinoan.
Lehenik eta behin, merkataritza gunearen eraikuntzak herritarrengan eragin handia izango duela adierazi du auzo elkarteak. Alde batetik, zarata handia egingo lukete lanek, eta bestalde, lurrak mugitzeko faseak soilik urte bat iraungo duela gehitu dute. Horrek zarata, kutsadura, zikinkeria eta bestelako oztopoak ekarriko dituztela ere adierazi dute.
Bestalde, merkataritza gune berri batek tokiko merkataritza txikiari kalte egingo diola adierazi dute auzo elkarteko kideek. Hirian komertzioetara bideratutako lokalak hutsik geratzen ari direla esan dute, eta gehiago sortzeko beharrik ez dagoela; izan ere, Eustat-en datuen arabera, 2011n 3.065 saltoki txiki zeuden, eta 2019an, berriz, 2.622.
Merkataritza zentro berrian, gainera, 200 lekudun aparkaleku bat egitea dago aurreikusita, eta horrek auzoaren kutsadura mailan kalte egingo duela adierazi dute. Gainera, erdialdeko trafikoa gutxitzeko ahaleginak egiten ari diren garai hauetan aparkaleku hau kontraesankorra dela gehitu dute.
Irisgarritasunaren aurka
Azkenik, eraikuntza lanek irisgarritasun araudiaren aurka egingo dutela esan du auzo elkarteak; izan ere, gaur egun Aldapeta kalearen malda &6,7koa da, eta merkataritza gunea eraikitzeko eremua lautu beharko dutenez, aldaparen malda %8,8ra handituko litzateke, Aldapeta Maria ikastetxeko irisgarritasuna kaltetuz.