Ulian basurde uxaldiak ahalbidetuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundia segurtasun eremuetan uxaldiak baimenduko dituen Agindu Foral bat prestatzen ari dela ohartarazi du Eguzki talde ekologistak. Segurtasun eremu hauek pertsonak eta ondasunak babesteko daude, 2011ko Ehizaren Legeak dioen bezala, eta agindu honek segurtasun hau kolokan jarriko duela adierazi du Eguzkik.
Foru Aldundiak eremu hauek basurdeen babesleku bihurtu daitezkeela argudiatu du, eta horregatik behin behinekoz ahalbidetu nahi dituzte uxaldi hauek. Eguzkik salatu du tesi hau ez duela inolako txosten teknikorik babesten, eta gehitu dute basurdeekin egon diren arazoak eta hauen nolakotasunak ez dituztela argitaratu. Bestalde, uxaldi horiek nola egin ahal izango diren ere ez du zehaztu foru aldundiak.
Gipuzkoako zortzi herritako segurtasun eremuei eragingo dio Agindu Foral honek, Donostia tarteko. Hau dela eta, aginduak eragina duen zortzi herrietako biztanleei eta udalei aldundiak hartu nahi duen neurri berri honen aurrean desadostasuna adieraztea eskatu du Eguzkik, eta azpimarratu du arazoa ez dela basurde kopurua, baizik eta haien aurka suzko armak erabiltzea.
Uliako segurtasun eremua
Joan den abuztuan jo zuten segurtasun eremutzat Ulia, Donostiak eta Pasaiak elkarbanatzen duten mendia. Prozesua luzea izan zen, eta deklarazio honetan ondorengoa adierazi zuten aldundian: “Ulian ehizaren eta bestelako aisialdi jardueren arteko talka dago, biztanleria dentsitate handiko zonaldeen ondoan baitago mendi hau, baita homologatutako bidexka asko dituelako ere. Ehizak, gainera, gainontzekoengan kalte egiten du, zaratagatik eta segurtasun faltagatik, adibidez”.